Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Estatuen antolamendu politikoa

Bukatu aurretik

Gizarteak oinarrizko gobernu mota jakin baten bidez antolatzen dira, eta lurralde-mugak ezartzen dituzte. Mugen barnealdeko eremuei estatu deritze. Estatuek hiru botere dituzte: botere legegilea, betearazlea eta judiziala. Botere horiek gauzatzeko, erakundeak sortzen eta funtzionario izeneko langileak hartzen dituzte. Hainbat eratako sailkapenak egin daitezke estatuen artean, aukeratutako irizpidearen arabera:

  • Aginte motaren arabera: monarkiak edo errepublikak.
  • Gobernu motaren arabera: estatu parlamentarioak edo presidentzialak.
  • Botere-banaketaren arabera: estatu zentralak edo deszentralizatuak.
  • Ekonomia-sistemaren arabera: estatu liberalak edo sozialak.
  • Politika-erregimenaren arabera: estatu demokratikoak edo autoritarioak.

Estatu demokratikoen funtsezko ardatza konstituzioa da, hiritar guztiek bete beharreko oinarrizko legea. Konstituzioa hiritarrek bozkatzen dute, sufragio unibertsalaren bidez. Demokrazian, ideologia-aniztasuna onartzen da, eta estatuaren botereak independenteak izaten dira.

Estatu autoritarioetan, botere guztia lagun edo talde pribilegiatu bakar baten esku egoten da. Bi aginte mota izan ditzakete: monarkia absolutua edo diktadura. Hiritarrei ez zaie boto-eskubiderik aitortzen.

Estatuetatik kanpo, bestalde, GKE-ek laguntza eskaintzen dute, munduko edozein txokotan gertatutako era guztietako sarraskien ondorioei aurre egiteko. Hiru eratako erakundeak daude: humanitarioak, ingurumenaren aldekoak eta arriskuan dauden komunitateei garatzen laguntzen dietenak.

Estatuek ekonomia-itunak sinatzen dituzte elkarren artean, beren interesak babesteko. Zenbaitetan, ordea, ika-mikan ibiltzen dira elkarren kontra, kultura- edo erlijio-desberdintasunak direla eta. Herrialdeen artean, bestalde, honako bereizketa hau egiten da, garapen mailaren arabera: herrialde garatuak, garapen-bidean daudenak eta pobreak. Gainera, munduan XX. mendean izandako aldaketen ondorioz, herrialde berriak sortu dira.

EBko estatu batzuk potentzia ekonomikoak dira. Europar Batasuneko estatu kideek baliabide eta politika komunak dituzte, eta irizpide demokratikoetan oinarritzen dira. Europako eskualdeei fondoak ematen dizkiete, ekonomia edo azpiegiturak garatzeko.

Espainiako estatuaren gobernu-boterea autonomia-erkidegoen bidez mamitzen da. Konstituzioak autogobernu-eskubidea aitortzen die eskualdeei, autonomia-estatutua izeneko legearen bidez. Hiritarren artean aipatutako legea bozkatzeko erreferenduma egin ondoren, Gorte Nagusiek berretsi eta erregeak aldarrikatu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Gernikako estatutuaren ondorioz, bere erakundeak ditu, eta, era berean, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta EAEko Justizia Auzitegi Gorena. Kontzertu ekonomikoari esker, zergak biltzen ditu, foru-organoen (udalen eta foru-aldundien) bidez, eta kupo jakin bat estatuari ematen dio.

Ideia nagusiak

  1. Gizarteek antolamendu mota jakin bat eratu ohi dute tokian tokiko eremuan: estatua.
  2. Estatuen artean era askotako desberdintasunak daude: adibidez, gobernatzeko edo botereak banatzeko moduak.
  3. Estatu demokratikoek hiritarren eskubideak eta boterean parte hartzeko aukera bermatzen dituzte.
  4. Estatu autoritarioek ez dituzte aitortzen ez giza eskubideak, ez hiritarren askatasuna.
  5. Hiritarrek, gobernu-antolamendu politikoaren mugetatik kanpo, elkarte pribatuak sortzen dituzte, arrazoi humanitarioengatik nahiz bidegabeko egoerei aurre egiteko.
  6. Batzuetan, estatuen arteko harremanen edo itunen benetako arrazoiak hauexek izaten dira: potentzia batek herrialde pobre batean dituen ekonomia-interesak, zenbaitetan neurrigabeak.
  7. Estatuen artean auziak sortzen dira askotan, erlijio- edo kultura-desberdintasunen edo lurraldetasunari lotutako asmoen ondorioz.
  8. Europar Batasuna potentzia ekonomiko handia da, eta 27 herrialde europar kide ditu.
  9. Espainiako estatuko konstituzioak autogobernu-eskubidea aitortzen die autonomia-erkidegoei.
  10. Euskal Autonomia Erkidegoan, autogobernua erabatekoa da, erkidego historikoa delako. Bere autonomia-erakundeak ditu.
  11. Lurraldeetako Batzar Nagusiak, foru-aldundiak eta udalak oso aspaldiko erakundeak dira, sistema demokratikora moldatuak.

Mapa kontzeptuala

Ikasitakoa egiaztatzen dut


Gehiago jakiteko

Artikulu interesgarriak

Bitxikeriak

Liburu gomendatuak

Interneteko esteka gomendatuak

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.