Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Ongizate gizartea eta ingurumena
Atala: Energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna

Energia-eraginkortasuna

Hitzak berak adierazten duenez, edozein eskariri ahalik eta energia gutxien kontsumituz behar bezala erantzutean datza energia-eraginkortasuna.

Energia-eraginkortasuna zuzena izan dadin, erabilera bakoitzarentzat energia-iturririk egokiena aukeratu behar da, eta kasuan kasuko iturriaz baliatzeko modurik egokiena ere bai. Era berean, ahalik eta energia gutxien kontsumitu behar da. Izan ere, kontsumoa murrizteak ez du esan nahi produktibitatea edo zerbitzua kaskarragoa izango denik.

Eraginkortasunez gidatzea

Jardunbide, sistema edo makina jakin baten energia-aprobetxamendua ahalik eta handiena izateko modua bilatzea da kontua. Horretarako, energia-erabilera eraginkorra lortzeko irizpideak hartu ohi dira kontuan etxetresna elektrikoetan, eraikinen diseinuan, etxeko argiztapenean eta hozte- edo berokuntza-sistemetan.

Garraioak

Gaur egun, errepideak ibilgailuz gainezka daude. Ibilgailuek, gainera, gero eta potentzia eta pisu handiagoa dute, eta energia-kontsumitzailerik handienak dira, itsas, aire- eta trenbide-garraioekin batera. Garraio-alorra etengabe ari da hazten, eta petrolioa (gasolina eta diesela) da gehien erabiltzen den energia-iturria.

Bidaiarientzako eta salgaientzako azpiegiturak hobetzea, garraio publikoen erabilera eta kalitatea handitzea, teknologia-berrikuntzak (errendimendu handiagoko motorrak, diseinu aerodinamikoagoak, material arinagoak, etab.) ezartzea eta arian-arian, petrolioaren deribatuen ordez, biodiesela eta antzeko erregaiak hedatzea komeniko litzateke, garraio-alorreko energia-eraginkortasuna eta -aurrezpena areagotzeko.

Ziklo konbinatuko sistema

Ziklo konbinatuko sisteman, gas naturala erabiltzen da energia eraginkortasunez ekoizteko. Gas naturala errez, elektrizitatea lortzen da, beste erregai batzuekin baino gas kutsagarri gutxiago sortzen direla. Hasieran, aire beroak turbina bat mugiarazten du, eta, horrela, energia eta ur-lurruna sortzen dira. Lurrunak beste turbina bat mugiarazten du, eta horrela ere energia sortzen da. Ikusten denez, ekintza bakar batekin aprobetxamendurik (edo eraginkortasunik) handiena lortzen da.

16

Erantzun zure koadernoan:

  • Idatz ezazu zure etxeko azken argi-fakturaren zenbatekoa. Hilabete batean edo bitan, saia zaitez energia aurrezten. Horretarako, etxekoei ere laguntza eskatuko diezu: beharrezkoak ez diren argiak itzaltzeko, presio-eltzea ahalik eta gehien erabiltzeko (sukaldea indukziozkoa edo baldin bada), ekinean ez dabiltzan tresnen etengailuak itzaltzeko, garbigailua ahalik eta gehien betetzeko, telebista-orduak murrizteko...
  • Konpara itzazu hurrengo fakturaren eta aurrekoaren zenbatekoak. Ba al dago inolako alderik? Konparatu zeure faktura eta beste ikaskide batzuenak.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.