Gaiak
Prozedurak
|
Gaia: Munduko desorekak
Atala: Herrialdeetako garapen arteko aldeak
AzpigarapenaNatura-baliabideak ez daude berdin banatuta mundu osoan. Natura-baliabide ugariko herrialde askok ez dituzte horiek bertako biztanleentzat ustiatzen. Aitzitik, zenbait tokitan, botere politikoak kontrolatzen ditu, baita nork merkaturatuko dituen erabaki ere. Hainbat herrialde pobrek natura-baliabideak badituzte ere, eraginkortasunez ustiatzeko baliabideak eta teknologiak falta zaizkie. Horixe gertatzen da, adibidez, urarekin. Lehen munduko herrialdeetako biztanleek ura eskuragarri dute, ongi antolatutako azpiegitura konplexuei esker, baina munduko gainerako hainbat eremutan, gauzak oso bestelakoak dira. Toki askotako gizon-emakumeek eta haurrek egunero kilometro asko egin behar izaten dituzte, oinez, behar duten ura eskuratzeko. Eskualde garatuetako enpresa handiek ekonomia-garapen urriko herrialdeetako baliabideak ustiatzen dituzte. Enpresa multinazionalek, beren boterea eta eragina erabiliz, munduko edozein txokotako ondasunez baliatzen uzteko presionatzen eta konbentzitzen dituzte gobernuak. Ondorioz, enpresa ekoizle handiek herrialde pobreetako lehengaiak atera eta herrialde garatuetan saltzeko moduko ondasunak sortzen dituzte. Sekulako dirutzak irabazten dituzte horrela jardunez. Garapenerako laguntzakNazioarteko erakundeak Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen garapen mailen arteko desorekak gainditzen saiatzen dira. Horrela, dirulaguntzak ematen eta proiektuak abiarazten dituzte, egoera txarrean dauden estatuen ekonomia-hazkundea sustatzeko.
Munduan, 985 milioi lagun daude pobreziaren mende.
Kanpo-zorra barkatzea
Kanpo-zorra 2004an (BPGaren araberako portzentajeak)
Herrialdeen artean, obligazioak eta zorrak sortzen dira. Zorrak publikoak edo pribatuak izan daitezke. Nazioarteko Moneta Funtsak edo Mundu Bankuak herrialdeetako kanpo-zorra arautzen du. Kanpo-zorra ordaintzerik ez duten herrialdeetako garapena eta autonomia kolokan geratzen dira, eta, ondorioz, maileguak eskatzen dituzte ekonomia garatzeko, baliabideak ustiatzeko. Baina maileguak beste helburu batzuetarako erabiltzen dira edo, maileguaren baldintzak gogortzen direnean, arazoak sortzen. Eta arazo horiek dira, hain zuzen, eskualde askotako azpigarapenaren iturburuak. XX. mendearen bukaeran, kanpo-zorrak zituen herrialde kopurua izugarri ugaritu zenez, gizarte talde batzuk egoera salatzen hasi ziren. Hirugarren Munduko herrialdeek kanpo-zorra ordaintzerik ez zutela eta barkatu egin behar zitzaiela aldarrikatzen zuten. Zorra barkatzeko eskaria barra-barra hedatu zen, eta, oraindik ere, benetako elkartasuna erakustea aldarrikatzen duten ahotsak ezin konta ahalakoak dira. Egia esan, herrialde batzuek lortu dute, dagoeneko, gainerako estatuen adostasunarekin, oro har gertakari gogor baten (gerra edo hondamendi baten) ondorioz. |