Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Estatuen antolamendu politikoa
Atala: Egungo mapa politikoak

EBko erakundeak

Politika bateratuak

Europar Batasunaren aurrekontua 2004an

Nekazaritza-politika: EBk nekazaritza-jarduerak bultzatu zituen, bere burua hornitzeko gai izateko asmoz. Horrela, nekazaritza-lurren mekanizazioa finantzatu zuen, laguntzak eta kreditu bigunak emanez. Era berean, beste kontinenteetako produktuen sarrera mugatu egin zuen, Europako produktuen salmentak indartzeko. Ondorioz, produkzioa izugarri handitu zenez eta prezioek behera egin zutenez, soberakinak kanporatzeko arazoak sortu ziren. Orain, produkzioa murrizteko eta benetako kontsumora egokitzeko ahaleginak ari dira egiten.

EBko erakundeak

Arrantza-politika: Arrantza-alorrak ekinean dirau Europako estatu askotan, eta, gainera, beste era bateko hainbat ekonomia-jardueraren iturburua da: adibidez, ontzigintzarena, kontserba-industriena... EBk arrantza-guneak eta arrain kopuruak finkatu ditu, itsas baliabideak ez agortzeko.

Industria-politika: EBko langile aktiboen % 25 industria-sektorean dabil. Sektore horren garapena, ordea, ez da berdina estatu kide guztietan. Bestalde, antzinako industria motak ez dira lehen bezain garrantzitsuak, eta jardunbide berriak (teknologia handiak: elektronika, telekomunikazioak, biomedikuntza...), aldiz, gero eta gehiago ari dira hedatzen. EBk, bestalde, lehengaiak kanpotik ekarri behar ditu, bertakoak urriegiak direlako. Beste arazo bat produkzio-prozesuen deslokalizazioa da, EBtik kanpoko herrialdeetara ari baitira eramaten.

Europar Batasuneko garraioak
Arrantza-ontzia

Merkataritza-politika: EBko langile aktiboen % 65 zerbitzu-sektorean dabil. Teknologia-garapenari esker, nekazaritza- eta abeltzaintza-lanak makinek egiten dituzte, eta biztanleriak zerbitzuen alorrean jardun dezake. Merkataritzaren ondorioz, dirutza handiak mugitzen dira batetik bestera. EB esportatzaile nagusietako bat da, munduko esportazioen % 40 inguru Europatik ateratzen baita.

Garraio-politika: Europako garraio-sare handia etengabe berritzen da, salgaien joan-etorriak egoki bideratzeko. Errepideek Europako ia azalera osoa hartzen duten arren, etorkizunean trenbide-sarea hobetzeko asmoa dago, Abiadura Handiko Sareari buruzko Plan Nagusiaren bidez. Azkenik, aurrekontuetan, portu eta aireportuetako azpiegiturak hobetzeko diru-sailak ere finkatzen dira.

Hiritarren inguruko politika: EBko biztanleen batasuna eta anaitasuna lortzea du helburu. Europako hiritarren kulturaniztasuna aitortzen du, eta bakean, demokrazian, zuzenbide-estatuan eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako irizpideei erreparatzen die ekintzak finkatzerakoan.


15

Landu ezazu mapa:

  • Zein dira Europar Batasuneko portu nagusiak?
  • Aipa itzazu abiadura handiko trenak Iberiar Penintsulan zeharkatzen dituen udal batzuk.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.