Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Ongizate gizartea eta ingurumena

Nazioarteko akordioak

Urdaibai: natura- eta kultura-ondarea.

Ingurumen-arazoak orokorrak dira, eta herrialde guztietan dute eragina, neurri handiagoan edo txikiagoan. Ingurumen-arazoek mundu osoko hiritarren artean sorrarazi duten kezkaren ondorioz, nazioarteko kontzientzia piztu da, eta naturan eragindako kalteak konpontzeko eta aurrea hartzeko beharraz jabetu da jendea, gizateriaren etorkizuna kolokan baitago.

Natura-ingurunea babestea helburu izan duten nazioarteko konferentzia eta tratatuak:

  • 1971- Ramsar Hitzarmena (Iran)edo Nazioarteko Hezegune Garrantzitsuei buruzko Konbentzioa. Ildo horretan, arreta bereziz erreparatu zitzaien hegazti urtarren habitatei. 1975ean sartu zen indarrean, honako helburu hau lortzeko: “Hezeguneak iraunaraztea eta zentzuz erabiltzea, toki, eskualde eta estatu mailako ekintzen bidez, eta nazioarteko lankidetzaz baliatuz, mundu osoan garapen iraunkorra sustatzen laguntzeko”.
  • 1972 – Stockholmeko Konferentzia (Suedia): Nazio Batuen Ingurumen Programa (NBIP) sortu zuten.
  • 1992 – Lurraren Gailurra (Rio de Janeiro, Brasil): Agenda 21 izeneko dokumentua sortu zuten. Bertan, ingurumena zaintzeko aholkuak eta XXI. mendean lortu beharreko helburuak finkatu zituzten, ekonomia-garapenaren eta ingurumen-kudeaketaren arteko oreka lortzeko asmoz. Aipatutako dokumentuaren bidez, estatuetako agintari eta arduradun teknikoen kontzientzia pizten saiatu ziren, garapen iraunkorraren bidea urratzen hasteko premiaz jabe zitezen.
  • 1994 – Desertifikazioaren kontrako Borrokaren Konbentzioa (NBE): Desertifikazioak eragindako lur-higadura geldiarazteko dokumentua sinatu zuten.
  • 1982 – Genevako Hitzarmena (Suitza): Sufrearen, nitrogeno-oxidoaren eta konposatu batzuen (hala nola, amoniakoaren) erabilera mugatu zuten, euri azidoaren eragileak murrizteko.
  • 1987- Montrealeko Protokoloa (Helsinki): Ozono-geruzarentzat kaltegarriak diren gaiak (CFCak) murriztea zuen helburu. Hainbat aldiz berrikusi dute, azkenengoz 1999an. Helburu guztiak lortzen badira, 2050erako ozono-geruza berroneratuta egongo da, ustez. Onarpen handia izan du, eta nazioarteko lankidetzaren eredutzat hartzen da.
  • 1997- Kiotoko Gailurra (Japonia): 178 herrialdek hartu zuten parte. Atmosferara CO2 portzentaje txikiagoak isurtzeko protokoloa sinatu zuten, berotegi-efektua murrizteko. Asmoak asmo, dokumentuak auziak sortu ditu sinatzaileen artean, herrialderik garatuenetako batzuek, sinatutako helburuak lortzeko, ekoizpenak murriztu eta hazkunde-erritmoak moteldu egin behar dituztelako.

    Kiotoko Protokoloa: Berotegi-efektua sorrarazten duten gasen isurpen orokorrak % 5,2 murriztea du helburu. Abiapuntutzat 1990. urtea hartu zuten, eta helburuak 2008-2012 epean bete behar dira. Klima-aldaketaren ondorioak murrizteko gai izango den nazioarteko mekanismo bakarra omen da. Berotegi-efektua eragiten duten 6 gas motaren isurpenak murrizteko nahitaezko konpromiso legala onartu zuten herrialde industrializatuek. 3 gas mota gizakiak sortuak dira: karbono-dioxidoa (CO2), metanoa (CH4) eta oxido nitrosoa (N2O). Beste hirurak gas industrial fluoratuak dira: hidrofluorokarbonoak (HFC), perfluorokarbonoak (PFC) eta sufre-hexafluoruroa (SF6).

Akordioa 2005eko otsailaren 16an sartu zen indarrean, baina berotegi-efektuari lotutako gasen % 55 isurtzen duten nazioen erdiak berretsi dute: 166 herrialdek. Gailurrean, ekonomia-kudeaketan iraungarritasun-irizpideei sarbidea emateko beharraz ere mintzatu ziren.

10

Erantzun zure koadernoan:

Eman itzazu honako kontzeptu hauen definizioak:

  • Garapen iraunkorra
  • Eremu babestua
  • Biosfera-erreserbak
  • Ozono-geruza
  • Biodibertsitatea
  • Marea beltza
  • Hondakinak balioztatzea
  • Geldialdi biologikoa
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.