Hasiera Contacto Menua Edukia
3eso
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 

Testu historiko baten iruzkina

Testu historiografikoak ez dira azaltzen duten aroaren garaikoak izaten. Testu historikoak aldiz bai. Mota biak aztertzeko prozedura nahiko antzerakoa bada ere hainbat berezitasun egoten dira lehen mailako iturria aztertzea suposatzen baitu.

Bigarren mailako iturri ez zuzena
Lehen mailako iturri zuzena

[...]1348. urtean, Florentziako hirian izurri hilgarria zabaldu zen; Jainkoaren haserre bidezkoaren ondorioz gertatu zen, gizakioi gure jokaera zuzentzeko bidali baitzigun. Ezinezkoa zen horren kontra aurreikuspenik edo probidentziarik egitea. Hiria garbitzeko langileak izendatu zituzten eta gaixoei hirian sartzea debekatu zieten, osasuna zaintzeko aholku asko eman ziren eta Jainkoari ere behin eta berriro erruki-eskaerak egin zizkioten, fededunek zuzendutako prozesioen bidez [...].

Izurriaren indarra handitzen joan zen, gaixoek osasuntsu zeudenak kutsatzen baitzituzten horiekin komunikatzean. Gaixotasuna gaixoekin hitz egiten zutenek edo zaintzen zituztenek hartzeaz gain, gaixoen jantziak edo horiek ukitutako edozer ukitzen zutenek ere harrapatzen zuten. Nire begi hauek esperientzia hori zuzenean ikusi zuten: pixka bat lehenago hildako gizagaixo baten jantzi zaharrak kalean botata zeuden eta bi txerrik usaindu eta hortzekin hartu zituzten; handik gutxira biak zerraldo gelditu ziren [...].

Bizirik zeudenek helburu bakar bat zuten: gaixoengandik eta horien etxeetatik urrundu nahi zuten. Askoren ustez apaltasunez bizitzea gaitz larri horri aurre egiteko modu bat zen eta, horregatik, besteengandik urrun bizi ziren, etxean sartuta eta gaixoak ez zeuden tokietan ezkutatuta. Jaki gozoak jaten zituzten eta ardo bikainak edan. Beste batzuen ustez, gozatzea eta asko edatea (...), barre egitea eta iseka egitea gaixotasunaren kontrako erremedio paregabea ziren. Eta gau eta egun tabernaz taberna ibiltzen ziren, neurririk gabe edaten. Zeregin guztiak albo batera utzita bizi ziren.

Gaixotasun hark beldur izugarria sortu zuen eta anaiak abandonatuta uzten zuen anaia, osabak iloba, emazteak senarra eta, sinestezina dirudien arren, gurasoek ez zituzten seme-alabak zaintzen. Horregatik, zerbitzariak kontratatu behar izaten zituzten eta soldata handiak ordaintzen zizkieten eta oso baldintza onak eskaintzen.

Giovanni Bocaccio . Il Deccamerone

Honako hauek dira testu historiko baten iruzkina egiteko urratsak:

a) Testuaren irakurketa eta hitz ezezagunen azterketa. Testu historiografikoetarako proposatzen zen bezala, jo ezazu hiztegira testuan agertzen diren hitz guztien esanahia ezagutzeko. Azterketa on bat testua ulertzearekin hasten da. Kasu honetan probidentzia, erruki-eskaerak, fededunak,… bezalako terminoak bilatu beharko dituzu ziurrenez.

b) Egilearen biografia. Testu historikoen azterketaren kasuan bereziki garrantzitsua da egilearen biografiaren xehetasunak ematea. Modu honetan kontatzen duen garaiko gertaerak zuenean bizi izan zituen eta haien lekuko zuzena izan ala ez jakingo dugu.

Seguruenez 1313 urtean Parisen jaio bazen ere, Giovanni Boccacciok haurtzaroa Florentzian eman zuen, eta Napolin ikasketak egin ondoren ere hara bueltatu zen 1340 urtean. Horregatik testuko baieztapenak “Nire begi hauek esperientzia hori zuzenean ikusi zuten”sinesgarritasun osoa merezi du. Beraz, aurreko orrian esan bezala, lehen mailako iturri zuzentzat hartuko dugu testu zatia.

Kasu honetan badirudi egilearen ideologia ez dela oso garrantzitsua, kontatzen dituen gertakariak nahiko objektiboak dira eta interpretazio politiko edo erlijiosoetarako tarte gutxi uzten dute.

c) Testuaren izaera. Testu historiografikoen iruzkinean egiten zenuen bezala, testu publikoa (erakunderen baten aginduz edo egileren batek ahalik eta irakurlerik gehien izateko egindakoak) edo pribatua (prentsa, memoriak, gutunak...)den adierazi behar duzu eta bere esparrua tokikoa, nazionala edo nazioartekoa den.

Azkenik lantzen duen gaia adierazi beharko duzu: ekonomia, gizartea, politika, demografia, epailetza,…. Il Deccamerone liburuko zatia testu publikoa da, tokikoa (Florentzian izurriaren gaia azaltzen du) eta gai nagusika Berant Erdi Aroko gizartea eta demografia dira.

d) Testuaren ideia nagusia. Bocaccioren testu honek XIV. mendearen erdi aldean Florentzia astindu zuen izurria deskribatzen du:

  • Izan zituen ondorio izugarriak.
  • Agintari zibilek eta erlijiosoek hartu zituzten neurri batzuk.
  • Florentziako herritarrek gaixotasunaren aurrean hartutako jokaera etab.

Testuaren edukia laburtzea komeniko litzateke.

e) Testuinguru historikoa. Testuan kontatutako gertaerak zein testuinguru historikotan txertatzen diren azaltzea garrantzitsua izango da. Kasu honetan, Berant Erdi Aroko krisian izurri beltza kokatzeko informazioa bilatu behar duzu edo horri buruz dituzun ezagutzak erabiliko dituzu.

f) Iritzi pertsonala. Azkenik, landutako gaiari buruzko zure iritzia emango duzu:

  • Testuaren errealismoa zein mailatakoa den (egilea gehiegikerian eror daiteke).
  • Egilearen sinesgarritasuna eta objektibotasuna.
  • Testuak ezagutza historikoari egindako ekarpena etab.
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.