Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Natur inguruneak

Natur ingurune beroak

Natur ingurune beroak

Ekuatorearen eta tropikoen artean kokatzen dira natur ingurune beroak. Natur ingurune horiek hartzen dituzten eremuek, ezaugarri komun batzuk dituzte: batez besteko tenperatura altua, 18 ºC ingurukoa, eta izozterik eza. Dena dela, hiru inguru bereiz ditzakegu: ekuatoriala, tropikala eta basamortukoa.

Natur ingurune ekuatoriala

Natur ingurune ekuatoriala

Geografikoki, ekuatoretik hurbilen dagoen natur ingurunea, ekuatoriala da. Ondoko eremuak hartzen ditu: Amazonas ibaiaren arroko inguruak Hego Amerikan, Erdialdeko Afrika eta Asiako hego-ekialdea. Tenperaturak beroak dira eta euri ugari egiten du. Urtaro bakarra dute eta ez dago negurik. Landaredia ugaria da, oso trinkoa. Amazonas ibaiaren arroko hosto erorkorreko oihanak munduko handienak dira.

Hainbat eratako zuhaitz motak daude Amerikako oihan ekuatorialean. Altuenek 60 m. ere har ditzakete; esate baterako, kaoba, zedroa, baltsa, tangarea, kuminoa, ereinotza etab. Zuhaitz txikiagoak eta palmondoak ere hazten dira zuhaitz handi horien ondoan.

Amerikako ekuatore-paisaia. Flora.

Landaredia oparo horrel habitat paregabea eskaintzen die animalia askori, eta ugarienak, zuhaitzetan bizi direnak dira. Amazonasen ur gezako arrainik handiena bizi da, piraruku izenez ezagutzen dena, bi metro har ditzake. Ez dugu piraina ahaztu behar, Amazonas ibaiko arrainik ospetsuena baita. Ofidioen artean, anakonda azpimarratu behar da (9 m-ko luzera izan ditzake); boa ere, bertan aurki dezakegu.

Amerikako ekuatore-paisaia. Fauna.

Afrikako oihan ekuatorialean zeiba erraldoiek 40 metroko altuera hartzen dute. Beste zuhaitz batzuk ere badaude: okumea, ebanoa, kaoba eta manglea (uretan hazten dena) adibidez. Batzuetan oihan birjina fruta-arbolez ordezkatzen dute (kakaoa eta bananondoak).

Afrikako ekuatore-paisaia. Flora.

Oihan honetan animalia ugari bizi da. Faunari dagokionez, ez dago Lurrean hainbesteko ugaritasuna duen beste tokirik . Baina animalia hauek ezkutuan ibiltzen dira, zuhaitzetan bizi direlako edo gaueko animaliak direlako.

Afrikako ekuatore-paisaia. Fauna

Amerikan ez dauden eta Afrikan oso urriak diren zuhaitzak daude Asiako oihan ekuatorialean. Aipagarrienak ebanoa, sandaloa eta alkanforrondoa.

Asiako ekuatore-paisaia. Flora.

Natur ingurune tropikala

Natur ingurune tropikala

Natur ingurune tropikala tropikoen inguruetan kokatzen da. Sabana da landaredia nagusia. Sabana bi metro arte neurtzen duten belar altuen multzoa da. Sabanan zuhaitzak (akaziak eta baobabak) eta zuhaixkak daude. Hezetasunaren arabera, baso soilaren itxura ere izan dezake.

Baobab
Akazia

Afrikako sabana da ezagunena. Gramineoen eta beste belar eta zuhaitz batzuen landarediak bizirik irauten du, suaren, lehorteen eta bertan bizi diren animalia-taldeen jarduera suntsitzailearen aurrean, eraso horietatik oso azkar suspertzen baita. Afrikako sabanan bizi diren animalien artean elikadura-ohituren banaketa bertikala dago: jirafek eta elefanteek zuhaitzen goiko aldeetatik jaten dute, errinozero beltzak, kuduak..., zuhaixka eta zuhaitz baxuetatik eta belarjale txikienek lurretik zentimetro gutxira kokatutako beheko adarretatik. Belarrez elikatzen diren animaliekin, gauza bera gertatzen da: zebrek, ñuek, gazelek, topisek etab., belarren zatiak, elkarren artean, goitik behera banatzen dituzte. Afrikako sabanako beste animalia batzuk (lehoia, lehoinabarra, pantera, gepardoa...) ehizatzen dituzten belarjaleei esker elikatzen dira.

Afrikako sabana

Ugaztun handiez gain, txikiagoak ere badaude (karraskariak, erbiak, sarraskijaleak, azeriak...), baita ostrukak (hegaztirik handiena), hegazti harrapariak eta Europako negu-garaia Afrikako sabanan haziak, fruituak eta intsektuak janez, igarotzen duten hegazti migratzaile asko ere.

Hego Amerikako panpak desberdinak dira. Han, lautada eta belarra dira nagusi. Lehorteei aurre erraz egiten dieten sasi eta zuhaixka txikiak daude. Argentinako panpa da lautada hauetako gune berezia, eta 500.000 km2 baino gehiago ditu.

Hego Amerikako panpak

Animaliarik handiena hegazti bat da, ñandua, eta ugaztunen artean panpako oreina. Gainontzeko animaliak, zenbait belarjale eta hegazti batzuk izan ezik, lur azpian edo lurrazaleko landare-geruzan bizi dira; horrela baldintza klimatiko gogorrak saihesten dituzte.

Lehorteak ondo jasaten dituzten gramineoen landaredia eta zuhaitzak, hala nola, eukaliptoak, akaziak... ditu Australiako sabanak. Fauna, beste sabana batzuetan dagoenaren oso bestelakoa da. Australian, animalia martsupialen presentziaren ondorioz, bertako fauna oso berezia da. Faunako animalia berezienak kangurua, koala (edaten ez duen animalia), bonbata, arratoi martsupiala eta walabia dira.

Australiako sabana

Basamortuko natur ingurunea

Basamortuko natur ingurunea
Basamortuko natur ingurunea

Toki beroetako basamortuak tropikoetan edo horietatik hurbil daude. Ipar hemisferioan ditugu basamortu garrantzitsuenak: Sahara Afrikan, Arabia eta Gobi Asian eta Ipar Amerikako kostaldeko basamortuak (Colorado, Behe Kalifornia eta Chihuahua). Hego hemisferioan honako hauek daude: Atacamako basamortua Hego Amerikan, Kalahari Afrikan eta Gibson eta Victoria Australian.

Basamortuetako landaredia lehortera egokituta dago eta oso urria da: sasiak, era askotako kaktusak (Amerikako basamortuetan 1.500 kaktus mota aurki daitezke) eta sakabanatutako zenbait zuhaitz, juka adibidez. Faunari dagokionez, intsektuak eta narrastiak dira azpimarragarrienak; ingurune horretara oso ondo egokitu dira, batez ere sugeak, oso ugariak baitira.

Basamortuko natur ingurunea
8

Erantzun zure koadernoan

Atlas bat erabilita bete ezazu hurrengo taula.

Basamortua Kontinentea Hartzen dituen herrialdeak
Sahara    
Arabia    
Gobi    
Colorado    
Chihuahua    
Kalahari    
Gibson    
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.