Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Gizadia historia hasi aurretik

Hominizazio prozesua

Historian zehar, pentsalariak, filosofoak eta zientzialariak betidanik kezkatu izan ditu bizitzaren eta gizakiaren jatorriaren kontuak: nola agertu zen bizitza gure planetan, nork edo nola sortu zuen... XIX. mende arte, ia azalpen guztiak erlijiosoak izan ziren edota azalpen horietan jainkoen indarrek parte hartzen zuten.

Gizakiaren jatorria Biblian

“Jainkoak esan zuen: Egin dezagun gizakia; izan bedi gure antzeko, gure irudiko; menpera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narrastaka dabiltzan piztia guztiak (...).

Orduan, Jainko Jaunak lur-hautsez gizona moldatu zuen; sudurzuloetan bizi-arnasa putz egin zion (…). Gero, esan zuen Jainko Jaunak: Ez da ona gizona bakarrik egotea; (…) Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilarazi zuen gizona. Loak hartu zuenean, saihets-hezur bat kendu zion, eta hezurraren hutsunea haragiz bete zion. Jainko Jaunak gizonari kenduriko saihets-hezurrez emakumea moldatu eta gizonari eraman zion”.

Gizakiaren jatorria Brahmanismoaren arabera

“Aspaldi, bazen mila begi, mila buru eta mila zango zituen erraldoi bat. Perusa zuen izena (…). Baina, hil zenean, mila zatitan hautsi zen. Zati horietako bakoitzetik sortu zen guk gaur egun ezagutzen dugun naturako gauza oro: (...) Lurreko animalia guztiak, gizakiaren lau kastak, zerua, lurra, itsasoa, eguzkia eta hodeiak...”

Charles Robert Darwinen karikatura (1809-1882)

1859an Charles Darwinen “Espezieen jatorria” liburua argitaratzeak izugarrizko iraultza ekarri zuen. Gizon horrek, liburuan, izaki bizidun guztiak, baita gizakia ere, organismo bizidun sinpleagoen bilakaeraren ondorio zirela azaltzen zuen. Gizakiaren jatorriari buruz, gizakiaren burmuinaren ezaugarri anatomikoetan oinarrituta, gizakia tximinoarengandik oso gertu zegoela zioen, tximinoa bera, antzeko beste animalia batzuengandik (makakoengandik, adibidez) zegoena baino gertuago, alegia.

Teoria horiek ez ziren ondo interpretatu bere garaian eta kritika ugari egin zizkioten, agintari erlijiosoek batik bat. Hala ere, Darwinek ez zuen uste gizakiaren jatorria tximinoa zenik, gizakiaren eta beste primate batzuen arbasoak berberak zirela baizik.

Ziurtasun osoz esan daiteke, gaur egungo gizakia hasierako hominidoen bilakaeraren emaitza dela. Hala ere, gaur egun arkeologiak zailtasunak ditu bilakaera-kateko maila guztiak zehatz-mehatz ezartzeko. Gainera, aztarna gehiago aurkitzen diren neurrian, zientzialariek teoriak berriro formulatu eta beste ikuspuntu batzuk hartu behar izaten dituzte kontuan.


6

Laburtu zure koadernoan nola sortu zen gizakia Bibliaren, brahamanismoaren eta zientzilarien arabera.

Bilakaera-prozesua: aldaketarik esanguratsuenak

Duela hamar milioi urte, Lurreko klima gaur egungoa baino askoz hotzagoa zen. Lurreko toki asko izoztuta zeuden eta euria ez zuen askotan egiten; horregatik, baso sarriak murriztu egin ziren pixkana-pixkana, eta zelai eta sabana zabalak agertu ziren.

Baliabideen eskasiaren ondorioz, Afrikako primateen talde batek basoak utzi, eta zelaietako bizimodura moldatu behar izan zuen. Denborak aurrera egin ahala, lehen hominidoak agertu ziren, eta horiexek izan ziren gaur egungo gizakiaren arbasoak; ezaugarri fisiko eta jokabide berriak garatu zituzten…

  • Bipedismoa edo zutikako jarrera. Pixkana-pixkana, hominidoak eskuak libre zituztela ibiltzen hasi ziren eta, horrela, tresnak eta lanabesak egiteko eta erabiltzeko gaitasun handiagoa garatu zuten; ondorioz, sabanan bizirik irauteko ahalmen handiagoa izan zuten.
  • Burezurraren edukiera handiagoa. Garrantzi handia izan zuen beste egokitzapen bat hauxe izan zen: bizkarrezurra burezurrean sartzeko puntua aldatzea. Ondorioz, hominidoen burezurra handitu egin zen eta horrek adimenaren garapena bultzatu zuen.
  • Masailezurrak eta hortz-haginak txikiagotzea. Elikadura aldatu zutenez (herbiboro edo belarjale izatetik omniboro edo orojale izatera pasatu ziren), eta janariak prestatzen eta egosten hasi zirenez, hominidoen masailezurra ez zen horren lodi eta sendoa izan aurrerantzean eta, pixkana-pixkana, kokotsa agertu zitzaien. Hortz-haginak txikiago egin ziren eta masailezurrean arku bat osatuz kokatu ziren.
  • Aurpegiaren neurria txikiagotzea. Burmuina gero eta handiagoa zenez, eta masailezurrak eta hortz-haginak txikiagotu zirenez, aurpegia bera ere txikiago bihurtu zen eta, bilakaera horren ondorioz, gaur egun burezurraren azpialdean dago, eta ez aurrean.
Chopper baten osaketa

Primateen ezaugarriak kanporatu zituen lehen hominidoa Australopithecus izenekoa izan zen. Aurkitu diren aztarnen arabera, Afrikan bizi izan zen, duela 5 milioi urte inguru. Gehienak, pisu gutxikoak ziren (30 kilotik 60ra bitartean) eta nahiko txikiak (1,30 m). Burezurraren edukiera gorilaren antzekoa bazen ere, inguru berrira egokitzeko eta elikatzeko modu berriak aurkitzeko gai izan zen.

Ziurrenik, bai Homo rudolfensis bai Homo habilis hominidoak, (tresnak egiteko gaitasunagatik deitu zitzaion horrela Homo habilis-ari) australopithecus mota beraren garapenaren ondorioz sortu ziren duela 2 milioi urte. Gizakiaren lehen ordezkariak izatearen pribilegioa partekatzen dute hominido horiek. Afrikan aurkitu ziren horien aztarnak, oso antzinako harrizko tresna batzuen ondoan (alde batetik landutako harriak edo chopper direlakoak).

Homo ergaster hominidoa Afrikan sortu zen duela 1,8 milioi urte inguru. Australopithecus afarensis-aren garapenaren ondorioz sortu zela, uste da. Dirudienez, duela milioi bat urte baino gehiago Asiarako eta Europarako bidaia luze bat egin zuen, eta bertan eboluzionatu zuen Homo erectus eta Homo antecessor, hurrenez hurren, bilakatu arte. Sua erabiltzeak, tresna eraginkorragoak egiteko gai izateak, eta gizarte-antolamendu handiagoa izateak ahalbidetu zuten hori. Europan aurkitu diren aztarnarik zaharrenak duela 800.000 urte inguru Atapuerca (Burgos) bizi izan zen Homo antecessor bati dagozkio (Dolinako haurra).


8

Aurkitu informazioa Lucy izeneko Australopithecus afarensis-ari buruz eta txosten labur bat idatzi

9

Historiaurrean, hominidoek izotzaldiak (edo glaziazioak) eta izotzaldien arteko garaiak ezagutu zituzten.

  • Ba al dakizu zer diren izotzaldiak?
  • Nolako eragina izan ote zuten izotzaldiek hominidoen bizimoduan?
10

Izotzaldietan, izotz mordoa pilatzen zen lurburuetan.

  • Zer eragin zuen horrek itsasoaren mailan?
Jatorri bakunaren teoria

Homo sapiens-aren (pentsatzen duen gizakia) lehen ordezkaria Homo sapiens neanderthalensis edo Neanderthal-eko gizakia da. Aztarna gehien, Europan aurkitu dira eta duela 120.000 urtetik duela 30.000 urte artekoak dira.

Gaur egungo gizakiaren lehen aztarnak (Homo sapiens sapiens) Cro-Magnonen aurkitu ziren (Frantzia) eta, horregatik, Cro-Magnongo gizakia ere deritzo. Teoria estandarraren arabera, duen jatorria bakuna da, hots, Afrikako Homo ergaster hominidoaren garapenaren ondorio da. Ondoren, duela 40.000 urte inguru Europara iritsiko zela uste da; gainera, milurteko batzuetan Neanderthal-eko gizakiaren garai berean biziko zen ziurrenik. Gaur egun, jatorri anizkoitzaren teoria hedatuago dago, eta uste da, Homo sapiens sapiens Europarra Homo antecessor hominidoak Europan izandako bilakaeraren ondorioz sortu zela.

Homo sapiens sapiens-a Amerikar kontinentera lurrez sartuko zen, Beringo itsasartetik, duela 35.000 urtetik duela 12.000 urtera bitartean.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.