Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Natur inguruneak
Atala: Natur ingurunearen erabilera, narriadura eta zainketa

Natur ingurunearen narriaduran eragina duten faktoreak

Gizakiak betitik aprobetxatu izan ditu eskura izan dituen natur baliabideak. Paleolitikoan gizakia nomada zen eta, ehizean eta arrantzan egiteaz gain, fruituak biltzen zituen, baina inguruneak ez zuen ia aldaketarik izaten. Neolitikoan, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerekin batera biztanleria asko hazi zen, eta horrek guztiak, lehenengo aldaketak eragin zituen natur ingurunean; hala ere, XVIII. mendera arte ezin daiteke natur ingurunearen narriadura esanguratsuaz hitz egin. Garai horretan industri iraultza gertatu zen eta baliabideen ustiapenean jauzi handia egin zen. Handik aurrera, natur ingurunearen narriadura, aurrerakuntza teknologikoekin batera gertatu da.

Gaur egun, natur ingurunea oso hondatuta dago. Natur ingurunearen oreka aldatzen duten ingurumeneko arazoen artean, honako hauek azpimarra ditzakegu: uren kutsadura, baliabideen gehiegizko ustiapena eta kutsadura atmosferikoa.

Uren kutsadura

Ura ezinbestekoa dugu bizi ahal izateko. Gaur egun duen kutsadura maila, bere kudeaketa txarra, eta munduko zenbait tokitan oso euri gutxi egitea, arazo larriak dira eta berehalako neurririk ez hartzekotan are larriagoak izango dira.

Marea beltza
Uretako kutsadura
Ibai kutsatua

Ur kontinentalek nekazaritzatik (ongarri mineralak, pestizidak, intsektizidak), industriatik ( metal astunak, gai sintetikoak, hidrokarburoak etab), eta herri eta hirietatik (ur zikinak, hondakin solidoak, hondakin toxikoak etab) iritsitako hondakinek sortutako kutsadura jasaten dute.

Hondakinen kontrolik gabeko isurketen eta itsasoan gertatzen diren istripuen ondorioz, itsasoak eta ozeanoak zabortegi bihurtzen ari dira eta faunaren eta floraren bizitza arriskuan dago. Kutsatuenetako bat Mediterraneo itsasoa da.

13

Taldeko ekintza

Eskema honen laguntzarekin, uren kutsaduraren gaineko horma-irudi bat egin ezazue.

Baliabideen gehiegizko ustiapena

Basamortutzea

Giza jarduera asko, hala nola, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren gehiegizko ustiapena, zuhaitzak kontrolik gabe botatzea, basoen luberritzeak etab, aldaketa handiak eragiten ari dira natur ingurunean eta landare-masa agortzen ari da. Horrek, bere aldetik, higadura sortzen du eta higadura horrek kalte handiak eragiten dizkio Lurrari. Lur horiek higaduraren ondoren, basamortu bihurtzen dira eta eragindako azalerak suntsitu egiten dira.

Kutsadura atmosferikoa

Atmosfera funtsezkoa da Lurreko bizitzarako eta, aldatuz gero, oso ondorio larriak gerta daitezke. Ondoren, narriadura horretan eragina duten faktoreak adieraziko ditugu:

Kutsadura atmosferikoa
Negutegi efektua
  • Atmosferara gas asko isurtzen dira (hegazkinek botatzen dituztenak, hozkailu eta aerosolena, CFC delakoarena etab), eta horren ondorioz, ozono-geruzaren zabalera txikitzen ari da. Geruza hori Lurreko gainazaletik 20 eta 30 kilometro artean dago, eta Eguzkiaren irradiazio ultramoretik babesten ditu izaki bizidunak; irradiazio hori lurrazalera zuzenean helduko balitz, bizitza desagertuko litzateke.
  • Atmosferak Lurraren tenperatura erregulatzen du bertan dauden berotegi efektu izeneko gasei esker (karbono dioxidoa, metano, etab.). Horiek lurrazalak islatutako beroa xurgatzen dute. Erregaien kontsumoaren hazkundearen ondorioz (ikatza, petrolioa, gas naturala...), karbono dioxido gehiago jaurtitzen da atmosferara. Bestetik, ohian tropikalaren soiltze ikaragarriak larriagotu egin du arazoa, izan ere, fotosintesiaren prozesuren bidez, basoek atmosferako karbono dioxidoa suntsitzen dute. Horren guztiaren ondorioz, eta beharrezko neurriak hartzen ez badira, berotegi efektua are nabarmenagoa izango da eta Lurraren berokuntza orokorra ekarriko du.
  • Industriek, zentral termikoek, ibilgailuen motorrek eta abarrek jaurtikitako gasak eta atmosferan dagoen uraren lurruna nahastean, Euri azidoa botatzen duten hodei azidotsuak sortzen dira. Euri horrek landare eta animalien bizitzan kalteak sortzen ditu, bai zuzenean, bai laku, ibai eta itsasoetako uren azidotasuna areagotuz. Euri azido horren erantzule nagusiak industrializazio gehien duten herrialdeak dira; baina, zirkulazio atmosferikoaren ondorioz, euri azidoaren ondorioak herrialde guztiek jasaten dituzte.
  • Berogailuek, ibilgailuek edo lantegiek sortutako keek eta gasek, hiriko airearen kutsadura sortzen dute eta kutsadura horrek pertsonen osasunean ondorio larriak ditu.
Kutsadura
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.