Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Gure planeta

Lurra, unibertsoko planeta

Astronomia-behatokia

Gure bizilekua Lur deritzon planeta txiki bat da eta izar baten inguruan dabil biraka, Eguzkiaren inguruan, hain zuzen ere. Lurretik hurbil eta Eguzkiaren inguruan planetak eta beste gorputz batzuk ere badaude, hala nola, sateliteak, asteroideak, kometak... Urrutiago, beste izar batzuk eta izar horiek sortu diren inguruko gas-lainoak daude. Izar-multzo, gas-laino, planeta eta satelite horiek guztiek unibertsoa osatzen dute.

Gizateria sortu zenetik, gizakioi beti interesatu izan zaigu argizagien eta unibertsoaren ikerketa, baina begiekin baino aztertu ezin zirenean ezagutzak oso mugatuak ziren eta askotan errealitatean baino gehiagi sinesmen magikoetan edo erlijiosoetan oinarritzen ziren. Denbora aurrera joan ahala, astronomoek eta beste zientzialari batzuek behaketak egin dituzte eta bai argizagiak bai espazioan gertatzen diren gauzak deskribatu eta azaldu dituzte.

Espazio-ikerketa

Gaur egun, unibertsoa eta argizagiak aztertzeko, espaziotik iristen zaizkigun irradiaziotik eta uhinetatik lortutako informazioa funtsezkoa da. Irrati-teleskopioek jasotzen dituzte izarrek eta argizagiek emititutako irrati-uhinak. Bildutako informazioa potentzia handiko ordenagailuetan prozesatzen da.

Zientzialariek, Lurreko gainazaletik lortzen duten informazioaz gain, espaziotik ere eskuratzen dute informazioa. XX. mendearen erdialdean hasi ziren espaziotik informazioa eskuratzen, Lurraren atmosfera zeharkatzea lortu zenean eta garai espaziala hasi zenean. Koheteei esker zundak, sateliteak eta tripulatutako ontziak Lurraren orbitan jar daitezke edo beste argizagi batzuetara bidal daitezke.

Voyager

Orain dela gutxi arte, unibertsoa gutxi gorabehera beti egoera berean existitu izan dela uste izan da, baina XX. mendearen hasieran gero eta handiagoa dela jakin genuen. Egin diren ikerketen arabera, unibertsoa duela 15.000 milioi urte inguru gertatutako leherketa handi big-bang baten ondoren sortu zen. Une hartan dena nukleo kondentsatu batean bilduta zegoen eta, lehertu eta gero materia zabaldu egin zen, izar, planeta eta, azkenik, bizi bihurtu zen.



Galaxiak

Materia hori ez zen uniformeki banatu unibertso osoan, eta inguru batzuetan materia-kopuru gehiago bildu zen eta beste batzuetan, aldiz, gutxiago. Materia gehien zuten inguruak materia gehiago erakartzen hasi ziren eta, horrela, galaxiak sortu ziren. Galaxia bat gune baten inguruan biraka dabiltzan ehunka edo milaka milioi izarren multzo bat da.

Esne Bidea

Esne Bidea, Santiago Bidea izenaz ere ezagutzen dena, Eguzkia barne hartzen duen galaxia da eta udako gau argitan, ilargirik ez dagoen gauetan, zeruan nondik nora doan ikus daiteke, bertan marra argiago bat antzeman dezakegularik.

Izar bat gas beroz osatutako gorputz handi bat da, hidrogenoz eta helioz nagusiki; gas horiek oso konprimituta daude izarraren barnean eta erreakzio nuklearrak gertatzen dira. Erreakzio horien ondorioz, argia eta beroa sortzen duen energia ugari askatzen du. Izarrik handienak, superrerraldoiak izenekoak, Eguzkia baino askoz ere handigoak dira eta izar horien diametroa Eguzkiarena baino 400 aldiz handiagoa izan daiteke. Izar txikienen, nano zuriak izenekoen diametroa, berriz, Eguzkiarena baino ehun aldiz txikiagoa izan daiteke. Distirak ere desberdinak dira: distiratsuenak Eguzkia baino milioi bat aldiz distiratsuagoak izan daitezke eta nano zuriek, berriz, Eguzkiak baino mila aldiz distira txikiagoa izan dezakete.

Lurraren forma esferikoa da eta ipar hemisferiotik eta hegoaldekotik izar desberdinak ikusten dira. Begiekin ikus daitezkeen izarren kopurua 8.000 ingurukoa da, 4.000 hemisferio bakoitzetik. Batzuetan, izar-talde txikiek zeruan marrazkiak osatzen dituztela ematen du; irudi horien izena konstelazioa da; eta pertsonak, animaliak edo gauzak irudikatzen dituzte: Hartz Handia, Hartz Txikia, Zodiakoko konstelazioak (Aries, Taurus, Gemini...)...


1

Erantzun zure koadernoan.

  • Ipar hemisferioan eta Hego hemisferioan kokatuta dauden bosna herrialde aipa itzazu.
2

Erantzun zure koadernoan.

  • Begi bistan antzekoak badira ere, zein desberdintasun dago izar eta galaxia baten artean?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.