Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Grezia
Atala: Garai Arkaikotik Helenismora

Garai Arkaikoa

Zibilizazio mizenikoa desagertu ondoren, antzinako Greziaren bizimoduaren adierazgarri gisa herrixkek baino ez zuten iraun. Ziurrenik, bailara edo eskualde bereko biztanleak inguruko tokiren batean bilduko ziren produktuak trukatzeko, jainkoak gurtzeko, lurraldearen defentsaz hitz egiteko… Horrela, K.a. 900. urtetik aurrera, herri batez eta zenbait herrixka, zelai eta basoz osatutako estatu txikiak sortzen hasi ziren; polis izena eman zitzaien. Independenteak ziren eta eskubide, betebehar eta interes komunak adierazten zituzten lege batzuen bidez, gobernatzen ziren herritarrak. Hoplitak, polis izenekoak defendatzeko soldadu bihurtutako herritarrak ziren.

Gaur egungo Akropolis-aren ikuspegia
Akropolis-aren ikuspegia 1831-1885

Erasotzekotan ere, erraz defendatzeko tokietan eraiki ziren polis horiek: mendi hegaletan eta muinetan. Herriko lekurik altuenean akropolia edo “herri garaia” zegoen. Inguru horretan eraikitzen ziren tenplurik enblematikoenak; erasotzen bazieten, babesteko gune bihur zitezkeen.

Baina polis edo hirien artean istiluak ugari baziren ere, antzeko kultur-ezaugarriak zituztela eta herri berekoak zirela uste zuten (alfabetoa, hizkuntza, erlijioa, diruaren erabilera, legeak, erakundeak…). Beste herriak bezalakoak ez zirela zioten, eta beste herri horiei barbaroak esaten zieten.


Polisetako biztanleria oso azkar handitzen zen, eta zituzten lurrak oso emankorrak ez izateaz gain, ez ziren nahikoa eta gaizki banatuta zeuden; beraz, janari falta sumatzen hasi zen. Horrelakoetan, herritarren talde bat polisetik ateratzen zen beste leku batzuen bila. Buruzagi baten gidaritzapean, espedizio bat antolatzen zen itsasoz eta beste lurralde batera jotzen zuten: gero, kolonia bat osatzen zuten. Itsasoaren alboan kokatzen ziren, beti, horrek, ondorioz, aurrerapen handiak ekarri zituen nabigazioan.

Horrela, polis-ama hartatik edo metropolitik askea zen polis berri bat osatzen zen, hasierakoarekin merkataritza eta kultur harremanak edo harreman afektiboak zituena.

Kolonia gehienek nekazaritza izan zuten bizibide nagusi, baina merkataritzarekin lotura estuagoak zituztenak ere izan ziren, merkataritzako bideak eta lehengaiak (metalak, batik bat) zeuden tokiak kontrolatzea komeni baitzitzaien; izan ere, Mediterraneoaren ekialdeko kostaldean ez zegoen metal gehiegirik. Horietako herri askok aldi berean biak, nekazaritza eta merkataritza, zituzten bizibide.

Hasieran, gaur egungo Greziaren ipar-ekialdea, Sizilia uhartea, eta Italiako hegoaldea kolonizatu ziren, eta horrek guztiak Grezia Handia izena hartu zuen. Bigarren fase batean, Itsaso Beltzean, Afrikaren iparraldean, gaur egungo Frantziaren hegoaldean eta Iberiar penintsularen ekialdean sortu ziren herriak.


Kolonizazioek eta merkataritzak polisetan gizarte-aldaketa nabarmenak ekarri zituzten. Herriaren gobernuan parte hartzeko gogoa indartu zen herritarrengan, ordu arte gobernua, batez ere, lur-jabeek izan bazuten ere; ondorioz, gizartean gatazka ugari sortu zen. Gatazka horiei irtenbidea emateko, bi irudi berri sortu ziren: legegilea eta tiranoa.

Legegilearengana jotzen zuten gatazkan parte hartu zuten pertsonek, bost urtetik hamarrera bitarteko epean, irtenbidea eman ziezaien, beti ere, legeetan oinarrituta. Horietako gehienek sortu berriak ziren kolonietan lan egiten zuten.


Tiranoak, gehienetan, behartsuenen eta merkatari eta artisauen babesari esker, eskuratzen zuen boterea. Tiranoek legeak egiten zituzten, nekazaritza, artisautza eta merkataritza babesten zituzten, lan publikoak egiten zituzten… Beharrezkoak ez zirenean, horietako asko boterean jarraitzen edo kargua beren ondorengoei uzten ahalegintzen ziren eta, horregatik, herritarrek babesa kentzen zieten. Tirania oso ohikoa izan zen greziarren munduan.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.