Hasiera Contacto Menua Edukia
1º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Grezia
Atala: Antolamendu sozial eta politikoa

Greziako gizartea

Garai klasikoan Atenasko gizarte-antolamendua nolakoa zen ikustea, lagungarri izango zaigu gainerako polis grekoak nolakoak ziren jakiteko. Garai hartan, 300.000 biztanle inguru izango zituela eta honako gizarte-taldeak izango zituela pentsatzen da:

  • 20.000 gizon inguru, Atenasko aita eta amen semeak, eskubide guztiak zituzten herritarrak ziren: kargu publikoetarako gizonak aukera zitzaketen eta beraiek ere aukeratuak izan zitezkeen, biltzarretan parte har zezaketen eta lurrak zituzten. Soldadutza egin behar zuten eta tribuetan antolatuta zeuden. 40.000 inguru emakume eta hogei urtetik beherako herritarren seme-alabak ziren. Ez zuten politikan parte hartzerik.

    Ostrakoiak

    Familiaren ondasunak banatu behar ez izateko, oso seme-alaba gutxi izaten zituzten. Lehenengo urteetan mutikoak eta neskatoak amarekin,inudeekin edo esklaboekin hazten ziren. Neskatoak etxeko lanak egiten ikasten zuten eta ezkontzarako prestatzen ziren, batzuek irakurtzen, idazten eta musika ikasten zuten arren. Aberatsen semeek pedagogo izeneko esklabo bat izaten zuten ondoan uneoro.

    Hiritarrak

    Eskolan irakurtzen eta idazten ikasten zuten, oholtxo batzuetan eta puntzoiekin hasieran eta tintaz papiroetan aurrerago. Honetaz gain matematika apur bat ikasten zuten ere, kontatzeko eta txanponak zein neurriak erabiltzeko nahikoa; musika eta Greziako kultura ere lantzen zuten, poetak eta idazleak irakurtzen zituztelarik. Gorputz-hezkuntzari garrantzi handia ematen zitzaion: hamabi urtetik aurrera hiriko estadiora edo palestrara joaten ziren eta han gimnasia, jauziak, jaurtiketak, lasterketak eta borrokak egiten zituzten. Irakaskuntza pribatua bazen ere, oso arraroa zen hiritar analfabetoak aurkitzea Greziako polisetan.


  • Metekoak eta periekoak

    105.000 inguru metekoak ziren: herrian bizi ziren atzerritarrak ziren; artisautzan edo merkataritzan aritzen ziren, zerga bereziak ordaindu behar izaten zituzten horregatik, eta soldadutza egin behar izaten zuten. Ezin zuten lurren jabe izan, ezta gobernuan parte hartu ere. Hiri batzuetan, Espartan, adibidez, antzeko talde bat zegoen, periekoena, eta itsas armadan eta lehorrekoan parte hartzen zuten, baina ez zuten zergarik ordaintzen.


  • Esklaboak

    135.000 inguru, esklaboak ziren, gerrako presoak edo beste esklaboen seme-alabak. Herriaren, herritar askeen, edota metekoen jabetzakoak izan zitezkeen. Ez zeukaten eskubiderik eta saldu edo beste gauza batzuez truka zitezkeen. Era guztietako zereginak betetzen zituzten: denden eta industrien administrazioaz arduratzen ziren, polizia-agente edo irakasle-lanak egiten zituzten, edota lanik gogorrenez arduratzen ziren: nekazaritzan, meategietan, etxeetan, artisauen lantegietan… Zigortuak izan zitezkeen arren, ez zitzaien tratu txarrik ematen eta, gainera, manumisioa eskuratuz gero, meteko bihur zitezkeen; bi modu zeuden hori lortzeko: jabeak emanda, edo beraiek, beren diruz, jabeari ordainduta.


14

Erantzun zure koadernoan.

  • Nork zuen herritar izateko eskubidea? Nork ez?
15

Erantzun zure koadernoan.

  • Ospetsu bihurtu ziren Greziako bi emakume hauen inguruko informazioa bilatu: Miletoko Aspasia eta Alexandriako Hipatia

“Bere gorputza eta horren atalak besterik eskaini ezin dutenak, naturaz, esklabo izatera kondenatuta daude. Hobe dute zerbitzatzea, bakarrik uztea baino. Hitz bakar batean esanda, bere arimaren pobreziagatik, eta baliabide urriak izategatik, beste baten menpe egon behar duena esklaboa da. Esklabo eta piztien arteko desberdintasuna hauxe da: piztiek ez dute arrazoitzeko inolako erarik, ez dute sentimendurik, eta sentsazioei baino ez diote kasurik egiten. Gainerakoan, esklaboen eta piztien erabilera ia berbera da, eta bietatik bizitzaren beharrak asetzeko zerbitzu berberak ateratzen dira”.

16

Erantzun zure koadernoan

  • Aristoteles Greziako filosofo ospetsuak idatzitako testua irakur ezazu. Zein argudio erabiltzen ditu esklabutza defendatzeko?
© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.