Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Aro Modernoko botere politikoa

Habsburgotarrak (XVII. mendea)

XVII. mendean, Espainiak potentzia handia izaten jarraitzen zuen. Lurralde estrategikoak zituen Europan, eta inperio kolonial handia. Erregeak toki horietan guztietan agintzen zuen, bakoitzak bere erakundeak, legeak eta hizkuntzak zituen arren.

XVII. mendean, monarkia autoritarioaren ordez, monarkia absolutua gailendu zen. Gorteen eragina murriztu egin zen, eta errege-erreginek botere guztiak berenganatu zituzten. Dena den, errege-erreginek ez zuten aurreko mendekoek bezain nortasun gogorra, eta balidoak izendatu zituzten, lurraldeak gobernatzeko.

Lermako dukea
Felipe III

Filipe III.ak oinordetzan hartu zuen inperioa krisiak jota zegoen jadanik, eta, erregealdian zehar, 1598tik 1621ra bitartean, Inperioaren nagusitasuna gainbeheran erortzen hasi zen. Filipe III.ak Lermako duke balidoaren esku utzi zituen gobernu-zereginak.

Filipe III.aren erregealdiko neurririk larrienetakoa moriskoak kanporatzea izan zen. 1609an, ia 400.000 lagun, gehienak nekazariak eta artisauak, bidali zituzten Espainiatik, eta, horrela, lur asko erein gabe geratu ziren.

Atzerrian, politika bakezalearen bidez, gastu militarrak murrizten saiatu zen, baina hainbat gerra piztu ziren —ordura arte baino gutxiago, ordea—, eta beste hainbat arazo ere bai. Azkenean, 1607an, Estatuak behea jo eta porrot-aitorpena egin zuen.

Felipe IV.a
Olivares konde dukea

Filipe IV.ak 16 urte zituen errege izendatu zutenean, 1621ean, eta, lehenago aipatu dugunez, haren erregealdian zehar, monarkia hispaniarraren nagusitasuna zapuzten hasi zen.

Aitak Lermarekin egin zuen bezala, Olivaresko konde-dukearengan ezarri zuen konfiantza osoa.

Lurralde guztiak behartu zituen gerra-gastuak ordaintzera, ordura arte, armadako soldaduen eta gerren gastu guztiei Gaztelak egiten baitzien aurre.

Europa XVII. mendearen bigarren erdialdean
Carlos II.a

Tokian tokiko zenbait botereren autonomia etenez erregearen boterea indartzeko Olivaresko konde-dukeak politika bateratzailea sustatzea erabaki zuen, eta, horrela, tokian tokiko botereen autonomia bertan behera utzi zuen. Jardunbide horren ondorioetako bat Portugaleko matxinada izan zen. 1640ko altxamenduaren ondorioz, Portugal monarkia hispaniarretik banandu zen.

Hurrengo erregea Karlos II.a izan zen (1665etik 1700era bitartean), eta, ondorengorik ez zuenez, habsburgotarren edo austriatarren etxea Espainiako tronutik kanpo geratu zen.


Aitarengandik oinordetzan hartutako inperioko ekonomia-egoera kaskarrari eta politika- eta gizarte-krisiei beste ezaugarri bat gehitu zitzaien: gobernarien gaitasunik eta eraginkortasunik eza. Espainia —batik bat, Gaztela— kinka larrian zegoen.

Karlos II.aren erregealdiaren azken urteetan, beste arazo handi bat sortu zen, ondorengotza-faltaren ondorioz. Tronua eskuratzeko nahiak eraginda, izangaiak elkarren kontra borrokatzen hasi ziren, eta Europako potentzia nagusiek ere hartu zuten parte. Ondorengotza Gerra piztu zen, eta, azkenean, Espainiako monarkia borboitarren esku geratu zen.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.