Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Mundu ezagunaren zabalkuntza

Ondorioak

XVI. mendean, europarren konkistek Amerikako zibilizazio indigenen amaiera politiko eta militarra eragin zuten. Konkistek eta kolonizazioek dena zapuztu zuten arren, bestalde, Amerikako nazio modernoen iturburua izan ziren. Kultura berrien oinarriak finkatzeaz gain, europarren, indigenen eta afrikarren arteko nahasketak beste biztanleria mota bati eman zion bidea. Azkenik, denboraren poderioz, egungo herrialde independenteak sortu ziren.

Ozeanoaz bestaldeko lurren aurkikuntzak berebiziko eragina izan zuen Europan.

Ekonomian

Produktu berriak
  • Indigenei lurrak kendu eta kolono zurien artean banatu zituzten. Kolonoek produktu bakarra landatzeko sailak (monolaborantza) sortu zituzten eskuratutako lurrekin. Meatzaritza izugarri garatu zen, europar konpainiek urrea, kobrea, ikatza, diamanteak… barra-barra ateratzen zituztelako. Meatzeetan, indigenek egiten zuten lan, noski.
  • Amerikako merkataritza erabateko monopolioa zzen. Indigenek potentzia konkistatzailearen produktu manufakturatuak erosi behar izaten zituzten, eta, trukean, lehengaiak (metal preziatuak, larrua, azukrea…) saltzen zizkieten
  • Amerikako urreari eta zilarrari esker, mundu-merkataritza nabarmen suspertu zen, eta, gainera, hango landare eta produktu berriek (patatak, tomateak, artoak, kakaoak, tabakoak…) Europako nekazaritza eta elikadura hobetzen lagundu zuten.
14
  • Zer da produktu manufakturatu bat? Zein eragin eduki zuten eta dute lehengaien emateak eta produktu manufakturatuen erosketak? Gaur egun antzeko zerbait gertatzen dela uste duzu?

Gizartean

Gizartea arraza-irizpideen arabera antolatu zen:

  • Espainiarrak eta portugaldarrak goi mailakoak ziren, eta jaun eta jabe merkataritzan, lurren jabetzan eta boterean.
  • Mestizoak (zuri-indiarrak eta zuri-beltzak) erdi mailakoak ziren.
  • Indiarrek nekazaritza-lanak egiten zituzten gehienbat, inoren zerbitzura beti. XVI. mendearen bigarren erdian, zilar-meategietan edo obra publikoetan (mita sistemaren arabera) aritzera behartzen zituzten.
  • Afrikatik eramandako esklabo beltzen egoera are gogorragoa zen, ez baitzuten inolako lege-babesik.
15
  • Bila ezazu Indietako Kontseiluari buruzko informazioa. Zein zen horren funtzioa?

Espainiarrek eta portugaldarrek indigenentzat artean ezezagunak ziren gaixotasunak eraman zituzten, eta ez zekiten nola aurre egin. Gaixotasun horien eta meategietako eta lursailetako zereginen ondorioz, indigenen heriotza-tasa ikaragarri handitu zen.

Kulturan

Ia toki guztietan, zibilizazio indigenen garapena eten egin zen, eta, askotan, suntsitu, europar ereduak inposatu zirelako. Liman eta Mexikon unibertsitateak ireki zituzten, baina indigena bakan batzuek baino ez zuten izan haietan ikasteko aukera.

Kultura-ereduez gain, erlijio-ereduak ere ezarri zizkieten. Frantziskotarrek eta domingotarrek kristautasunean trebatu zituzten indigenak.

16

Azal ezazu kontzeptu hauen esanahia: mita, enkomienda, etxaldea, estantzia

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.