Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Mundu ezagunaren zabalkuntza

Kolonien antolamendua

Espedizioak partikularrek antolatzen zituzten, konkista-kapitulazio izeneko kontratua sinatu ondoren. Konkista-kapitulazioa erregeak edo erreginak eta partikular batek sinatzen zuten, armada osatzeko eta lurralde jakin bat konkistatu eta monarkiaren subiranotasunaren mende jartzeko. Espedizioaren gastuak konkistatzaileak ordaintzen zituen, eta, horren truke, erregeak edo erreginak gobernadore-titulua eta menderatutako eremuko lur eta ondasun batzuk ematen zizkion. Beste lur eta ondasun batzuk errege-ogasunarentzat izaten ziren.

Konkista

El Dorado izeneko tokiaren —egungo Kolonbian— inguruan sortutako mito ospetsuak urrea aurkitzeko grina piztu zuen. Urrez gainezka omen zegoelakoan, konkistatzaile espainiarrek eginahalak egin zituzten aurkitzeko. Hiriko kaleak urrezkoak zirela eta metale horri, hain ugaria zenez, inolako garrantzirik ematen ez ziotela uste zuten, ahoz aho zabaldutako kondairaren ondorioz. Urrezko hiria aurkitzen saiatu ziren asko hil egin ziren, espedizioak oso luzeak eta gogorrak zirelako: oihanean barrena ibiltzen ziren, oso hornidura gutxirekin.

Espainiarren kopurua konkistatutako lurraldeetako biztanleena baino txikiagoa zen arren, zaldiak eta su-armak zituzten. Gainera, indigenen kondaira batzuek ozeanotik iritsitako jainkoen berri ematen zutenez, espainiarrak jainkotzat hartu zituzten, eta horrek kolonizatzaileen lana izugarri erraztu zuen.

Espainiarrek indigenei lurrak kendu eta etxaldeak edo estantziak eratu zituzten: nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategi handiak, alegia. Estantzietan, indigenek egiten zuten lan, enkomienda izeneko erregimenean. Esklabotasun estalia zen, indigenak konkistatzaileen artean banatzen baitzituzten, haientzat lan egin zezaten. Lanaren truke, fede katolikoan trebatzen zituzten.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.