Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Mundu ezagunaren zabalkuntza

Konkistak eta kolonizazioak

Amerikan zeuden europar kolonien mapa

Amerikaren konkista eta kolonizazioa XV. mendearen bukaeratik XIX. mendera arte gauzatu zen. Prozesu horretan, Europako zenbait potentziak hango lurraldeak konkistatu eta menderatze-sistema kolonialak ezarri zituzten. Ondorioak ezagunak dira: Amerikako inperio handiak, hala nola, inkena eta aztekena, desagertu egin ziren, eta demografiak berebiziko gainbehera izan zuen. Potentzia kolonialek europar hizkuntzak (batik bat, gaztelania, ingelesa eta portugesa) erabiltzera behartu zituzten bertako biztanleak.

Espainia eta Portugal

Imperioak

Espainiarrek eta portugaldarrek XVI. mendean ekin zioten Amerikaren kolonizazioari. Ia hiru mendetan zehar, espainiarrak Goi Kaliforniatik eta Floridatik Amerikako hegoaldeko muturreraino zeuden lurralde guztiak menderatu zituzten. Portugaldarrak Brasileko kostaldez jabetu ziren, lehenbizi, eta barrualdeaz, gero. Espainiarrek eta portugaldarrek erlijio katolikoa eta beren hizkuntza eta legeak inposatu zituzten. Kolonizatutako lurraldeak Espainiako eta Portugaleko errege-erreginen mende geratu ziren, eta agintariak bidali zituzten, koloniak gobernatzera.

Oso denbora laburrean, kultura- eta arraza-aldaketa nabaritzen hasi zen, Amerikara joandako europarren, bertako jatorrizko indiarren eta indarrez eramandako afrikarren arteko nahasketaren ondorioz. XVIII. mendearen bukaeran, horien ondorengoak (mestizoak) indigenak baino ugariagoak ziren. Amerikako jatorrizko herrien ohiturak eta bizimoduak errotik aldatu ziren.

Ingalaterra eta Frantzia

Herbehereak
Kolonizazio berriak

Ingalaterrak, Herbehereek eta neurri txikiagoan Frantziak XVII. mendean —espainiar eta portugaldarrek baino ehun bat urte geroago— ekin zioten kolonizazio-prozesuari, eta hiruren arteko lehia oso gogorra izan zen, ahalik eta gehien hedatzeko ahaleginetan. Aipatutako hedapenaren oinarriak honako hauek izan ziren:

  • Itsas indarren hazkundea eta modernizazioa.
  • Indietako Konpainiaren, merkataritza antolatu zuen elkartearen, sorrera.
  • Finantza-garapena. Banku handiak sortu zituzten, hala nola, Amsterdamgoa (1609) eta Londreskoa (1694).

Ingalaterrako, Frantziako eta Holandako emigratzaileek —azken horiek nahiko gutxi ziren— koloniak ezarri zituzten Kariben, Iparramerikako Atlantikoko kostaldean, Laku Handietatik hurbil zeuden eskualdeetan (egungo Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan).

Afrikan, esklaboen ibilbidea antolatu zuten, Gineako golkotik Antilletara eta Brasilera emateko.

Espezien ibilbidea, bestalde, Insulindiatik Lurmutur hirira, zihoan, lehenbizi, eta, Afrika inguratu ondoren, Amsterdamera iristen zen, azkenik.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.