Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Aro Modernoaren hasiera
Atala: Zer da Aro Modernoa?

Oinarri teorikoak

Ideia politiko berrien ondorioz, monarken boterea indartu egin zen zenbait tokitan.

Makiavelok, estatu modernoen teoriko nagusiak, Elizak politika-gaietan ez parte hartzea aldarrikatu zuen. Makiavelok zioenez, Estatuaren interesak babesten eta proposatutako helburuak lortzen dituena da, benetan, agintari edo gobernatzaile ona, eta ez zuzen eta eskuzabal jokatzen duena. Makiaveloren teoriak esaldi famatu batek laburbiltzen ditu: “Edozein bide erabil daiteke, helburua lortzeko”. Printzea lanean, monarkek ekintza ezmoralak egin ditzaketela adierazi zuen, betiere Estatuaren onerako izanez gero.

Gizarte-antolamenduaren eta –funtzionamenduaren inguruan sortutako kezken ondorioz, literatura utopikoa berpiztu egin zen. Inolako diskriminaziorik gabeko ametsetako gizarte zoriontsuei buruzko deskribapenak argitaratu ziren. Horrela, adibidez, Tomas Moro ingelesak, Utopia lanean, uharte eredugarri bat irudikatu zuen. Utopia uharteko biztanleak bakean eta harmonian bizi dira; ez dago jabetza pribaturik (dena da komuna), eta dibortzioa, eutanasia eta erlijio-aniztasuna onartzen dituzte.

Bodinek, Hobbesek eta ildo bereko gainerako pentsalariek errege-erreginen botere absolutua defendatzen zuten, interes indibidualek gizarte-ordena zapuz ez zezaten. Bossuetek eta beste hainbatek ere absolutismoa defendatu zuten, baina beste arrazoi batean oinarrituz, hau da, erregearen boterea Jainkoak berak zuzenean emana zela aldarrikatuz.

Parlamentarismoaren aldeko pentsalariek —hala nola, Lockek—, bestalde, sistema horrek gizartea ordezkatzen duela eta legeak parlamentuek onartu behar dituztela aldarrikatzen zuten. Gobernuak erregearen esku egon behar du, baina gizartearen onerako jardun behar du beti; bestela, herritarrek erregearen kontra jartzeko eskubide osoa izango lukete.

Azkenik, Erasmo Rotterdamgoak, pentsalari librea eta independentea izaki, kristautasun xumearen alde egin eta kultura klasikoa eta debozioa uztartzeko beharra aldarrikatu zuen. Gizakia egoki hezi behar dela zioen, gizartea bidezkoa eta harmoniatsua izan dadin.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.