Emakumea Erdi Aroan

Erdi Aroko emakumearen egoera aztertzerakoan, kontuan izan beharreko lehenengo gauza historialariek aurkitu dituzten zailtasunak dira:

Erdi Aroko gizartean, politika, negozioak eta bizitza publikoarekin lotutako gauza guztiak gizonen esku zeuden. Emakumea etxeko zereginetan aritzen zen. Emakumea ahulagoa zela pentsatzen zen eta gizonarekiko mendetasuna gauza arrunta iruditzen zitzaien guztiei.

Ezkontza

Ezkontzak hobekuntza handiak ekarri zizkion emakumeari, batez ere dibortzioa eta bazterketa debekatu zirenetik. Elizaren arabera, adinez nagusi ziren gizonak nahiz emakumeak askatasun osoz ezkon bazitezkeen ere, aitaren onespenik gabeko ezkontzak oso urriak ziren. Arrazoi ekonomikoak edo familien arteko hitzarmenak zirela eta, txiki-txikitatik elkarrekin ezkontzeko konpromisoa zuten batzuetan. Ezkontzaren baitan, gizonak administratzen zituen emaztearen ondasunak. Emakumea seme-alaben higieneaz, osasunaz eta hezkuntzaz arduratzen zen. Senarra hiltzen zenean, emaztearen familiak alarguna “berreskura” zezakeen, baina ezkontzan izandako seme-alabak aitaren familiarekin gelditzen ziren. Beste kasu batzuetan, alargun gelditzean, emakumeak seme-alabekin gelditzea lortzen zuen, aitaren baimenik gabe ezkontzeko askatasuna izaten zuen eta bere ondasunak administratzeko autonomia izaten zuen.

Etxeko lanak

Emakume aberatsen eta pobreen artean alde handia zegoen: aberatsek ez zuten lanik egiten eta pobreek, aldiz, gizonek baino askoz ere lan gehiago egin behar izaten zuten gehienetan. Emakume nekazariak, etxeko lanak egiteaz gain (josi, janaria prestatu, seme-alabak eta gurasoak zaindu etab.), etxetik kanpoko lanetan ere gainerako kideek bezala parte hartzen zuen: animaliak zaindu, ardiei ilea moztu, uzta jaso, belarra moztu, alea eho eta garraiatu...

Hirian, artisauaren emazteak senarraren lanbidearekin lotutako zereginak egiten zituen eta emakumeek nahiz gizonek lan berberak egiten zituzten: aiztoak egiten zituzten, sarrailak, urregintzan lan egiten zuten, errementariak ziren etab. Lan jakin batzuk, irun eta ehun adibidez, emakumeek egiten zituzten, “emakumeen hatz finekin eta esku leunekin” egin behar baitziren. Gaur egun bezala, emakumeen soldata gizonena baino txikiagoa zen. Horregatik, senarra hiltzen zenean, emaztea pobrezian murgilduta gelditzen zen. Gremioen elkarte batzuek bizi osorako pentsioa ematen zieten hildako artisauen emazteei. Bestalde, sukaldariak, ostalariak eta haragi, fruta, ogi edo beste edozein elikagairen saltzaileak ere bazeuden.

Emakumeak etxetik kanpo lan egiten zuenean neskame, zerbitzari edo prostituta gisa lan egiten zuen. Elizak prostituzioari buruz emandako ideiek kontraesan handiak zituzten. Garai batzuetan prostituzioaren aurkako jazarpena oso gogorra izan zen bitartean, beste batzuetan prostitutek gizartean betetzen zuten funtzioa onartu egin zuen, gizonek emakumeen kontra izan zezaketen indarkeria sexuala eta homosexualitatea saihesteko modu bat zela esaten baitzen.

Komentuak

Erdi Aroko emakumeen irtenbide bat komentu batean sartzea zen eta askok hartu zuten bide hori. Hala ere, komentuan sartzeko dote bat ordaindu behar zen (ezkontzetan bezala) eta dote hori talde pribilegiatuetako emakumeek baino ezin zuten ordaindu. Horregatik, Erdi Aroan emakume pobreei eta umezurtzei laguntzeko fundazioak sortu ziren. Komentuetan sartzen ziren emakume askok ez zuten bokaziorik. Batzuetan ezarritako ezkontzetatik ihes egiteko modu bat baino ez zen. Beste batzuetan, alargun gelditu ondoren aitaren etxera itzuli beharrik ez izateko sartzen ziren komentuetan. Testamentuetan arrunta zen emakume gazteak komentuen esku uztea.

Emakumeak alargun gelditzen zirenean, senarraren ondasun guztiak lehen semearen eskura igarotzen ziren eta horrelako kasuetan ere alargun horiek komentuetan sartzen ziren.

Hezkuntza

Kultura gizonen eskubidea zen: unibertsitatean ikasteko nahitaezkoa zen apaiz izatea. Komentuetan mojek heziketa jasotzen zuten, latina eta grekoa barne. Moja batzuek gai askori buruz idatzi zuten: erlijioa, poesia, anatomia...

Komentuetatik kanpo Erdi Aroko emakumeak kulturarekin inolako loturarik ez zuela oso ideia zabaldua den arren, emakume noble askok heziketa jasotzen zuten. XIV. mendearen bukaera aldera neskatoentzako hogei ikastetxe inguru zeuden Parisen eta irakurtzen, idazten eta zenbatzen irakasten zieten.

Gorteko maitasun ezkutuak

Literatura-lanen bidez, Erdi Aroko nobleek bikote-harremanak ulertzeko zuten modu berezia iritsi zaigu. Maitatzeko kode horrek maiteminduen harremanak arautzen zituen. Nobleziako emakume ezkondu baten eta maila baxuagoko gazte baten (gehienetan zalduna) arteko maitasuna zen, eta maitasun-idazti anonimoen eta ekintza heroikoen bidez adierazi behar zion bere maitasuna. Maitaleen harremana sekretua zen. Nobleziaren baitan ezkontza gehienak negozio hutsak zirenez (hitzartutako ezkontzak), maitatzeko modu hori familiak ezarritako betebeharrei ihes egiteko bide bat zen. Jokabide onartua zela esan daiteke, hau da, gizarteak onartutako adulterioa.