Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa
Atala: Bizimodu hiritarraren susperraldia

Hiriko bizimoduaren susperraldia

Aurrerapenei eta landutako azalera ugariagoei esker, uztak handitzea eta, beraz, goseteak saihestea eta elikadura hobetzea lortu zuten. Gainera, ekonomia-garapen orokorraren ondorioz, Europako biztanleriak berebiziko hazkundea, inoizko handiena, izan zuen. XII. eta XIV. mendeen bitartean, Europako biztanle kopurua bikoiztu egin zen: 40 milioitik 80 milioira, hain zuzen.

Erditze baten marrazkia

Egokiago elikatzen zirenez, gaixotasunei eta izurriei errazago egiten zieten aurre, eta hilkortasuna erruz murriztu zen. Aldi berean, oparotasun ekonomikoa zela eta, lehenago ezkontzen ziren, eta seme-alabak ere lehenago izaten zituzten. Horrela, jaiotza-tasa nabarmen handitu zen.

Hasieran, biztanle gehienek landaguneetan bizitzen jarraitu zuten, baina, etekinak eta soberakinak gero eta ugariagoak zirenez, arian-arian, eskulana sobera geratu zen, behar baino nekazari gehiago zeudelako, eta askok hiriguneetara joatea erabaki zuten. Izan ere, hirietako biztanle gehienak baserrialdeetatik heldutako nekazari ohiak ziren.

Hiribildu eta hiri asko elizen, gazteluen edo abade-etxeen inguruan sortutako burgu txikiak ziren, izatez. Gazteluko eta inguruetako herrixketako biztanleen beharrak asetzeko asmoz, azokak sortu zituzten, nekazari, artisau eta kinkilarien produktuak salerosteko. Denboraren poderioz, azoken inguruan etxe asko eraiki zituzten, batik bat artisau eta merkatariek. Era berean, ostatuak eta tabernak ireki zituzten, azoketara joaten zirenentzat. Toki askotan, harresia eraiki zuten, burguko biztanleak babesteko.

Hasieran, artisauak eta kinkilariak azokaz azoka ibiltzen ziren, baina, gerora, zenbait artisau harresien ondoan finkatu eta beren lantegietako produktuak gazteluko eta herrixkako biztanleei saltzen hasi ziren.

Nekazari batzuk animaliak, nekazaritzako produktuak edo beraiek egindakoak (ogia, adibidez) saltzera edo trukatzera joaten ziren merkatura. Bezerorik ohikoenak artisauak eta kinkilariak ziren.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.