Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa
Atala: Gizarte feudala

Lan egiten zutenak

Nekazaria

Erdi Aroan, biztanleriaren % 90 nekazaria zen. Gehienak jopuak ziren, eta bizi-baldintzak esklabotasunetik hurbil zeuden. Izan ere, jopu batzuk garai bateko esklaboen ondorengoak ziren, eta jaunak utzitako lursailak lantzen zituzten; beste batzuk epai judizialen ondorioz bihurtu ziren jaun baten mendeko zerbitzari.

Biztanlerik pobreenak “beren borondatez” bihurtzen ziren jopu, ez baitzuten bizirauteko bestelako baliabiderik. Kasu horretan, oso erritu adierazgarria egiten zen: jopuak soka bat ezartzen zuen lepoaren inguruan, hainbat lekukoren eta jaunaren aurrean.

Baziren, halaber, jaun baten zerbitzura jartzea erabakitzen zuten nekazariak ere. Jaunaren babesa bermatzeko, lur guztiak ematen zizkioten eta harentzat egiten zuten lan. Batzuetan, herrixka osoa bihurtzen zen jaunaren mendeko zerbitzari edo jopu.

Zenbait nekazari lursail txikien jabeak ziren, baina tokian tokiko jaunaren esanera zeuden, hala ere. Oinordetzen banaketen ondorioz lursailak gero eta txikiagoak zirenez, ez zuten lortzen etxekoak elikatzeko eta jaunaren zergak ordaintzeko adina baliabide. Eta uzta txarretan, are gutxiago.

Joputzak, jatorria edonolako izanik ere, belaunaldiz belaunaldi irauten zuen. Batzuek lursail handiagoak zituzten, eta lanabesak edo gurdi-abereak, baina guztiek ere jaunen gehiegikeriak jasaten zituzten.

Lurrari lotuta zeuden, eta, lantzeari utzi ahal izateko, jaunari diru kopuru jakin bat eman behar zioten. Beste hainbat arrazoirengatik ere ordaindu behar izaten zioten jaunari: oinordetzan zerbait hartzeagatik, adulterioa egiteagatik, jaurerritik kanpo ezkontzeagatik... Eta ordainketa horiei guztiei elizari eman beharreko hamarrena gehitzen zitzaion.

14

Erantzun zure koadernoan

  • Behatu: Zein zerga ordaindu behar izan diote nekazariek Elizari Erdi Aroan eta Aro Modernoan? Zertan datza?
  • Uste al duzu nekazariak elizaren feudoetan laikoen feudoetan baino hobe bizi zirela?

16

Erantzun zure koadernoan

  • Gutxitan gertatzen zen arren, emakume nekazari batzuk lur-zatien jabeak ziren. Irakurri Bonadonaren kasuari buruzko ondorengo testua eta deskribatu bertan ageri diren diskriminazio-egoerak, horien arrazoiak emakumea izatea edo beste batzuk diren adieraziz.

Batere ohikoa ez izan arren, lursail batzuk emakumeenak ziren. Irakur ezazu Bonadonari buruzko testua. Adierazi zer diskriminazio-egoera aipatzen diren, eta horietako bakoitzaren arrazoia zen den: emakumezkoa izatea ala bestelakoren bat.

Bonadona emakumezko kolonoa zen. Lursail batzuk eman zizkioten, mairuen lurraldearen mugetaraino joatera ausartu baitzen, hamabi seme-alabekin, inguru hura populatzera. Bonadonak gorriak ikusi zituen hirian, eta kristauen lurraldearen mugaldeko lurrak kolonizatzera joatea ez zitzaion iruditu hain latza.

Hamabi seme-alabak eta ondasun urriak hartu eta Seu de Urgell-eko mendietara abiatu zen. Han ere hamaika pairamen jasan zuen, baina bere buruaren eta etorkizunaren jabea zen, behintzat. Halako batean, ordea...”

Urgelleko gotzaina iritsi zen. Kondea ere bazenez, Konderriko lurrei zegokien hamarrena ordaintzeko agindu zion Bonadonari. Emakumeak, orduan, epailearengana jo zuen: “Lur hauek neureak dira, eremua populatzera etortzeagatik emandakoak...”

“Nor ari ote da gezurretan?” pentsatu zuen epaileak. Ez omen zekienez noren alde egin, epaia epaiketa Jainkoaren esku uztea bururatu zitzaion.

“Begira, Bonadona —esan zion epaile ustelak—. Ontzi honetako ura irakiten dago. Zuk esandakoa egia bada, besoa sartu eta ez zaizu ezertxo ere gertatuko; gezurra bada, kiskali egingo zaizu...”

Bonadonak honela erantzun zion: “Tira, tira. Hamarrena ordainduko dut NEURE lurren truke!”

Internetetik testua

17

Erantzun zure koadernoan

Irakurri arretaz honako testu hau eta erantzun galderei.

  • Emakume plebeioek edozein jaun feudalen nahiak onartu beharra bidezkoa zela uste al duzu?

  • Zein izen zuen Gomez Gonzalez de Butron jaun gazteak haurdun utzi zuen emakumeak? Nora eraman zuen amak haurdun zegoen egiaztatzeko? Zergatik ez ziren sendagilearengana joan?

  • Zergatik lasaitu zen Osaneren ama haurraren aita Gonzalez de Butron jaun gaztea zela jakin zuzenean?

  • Zergatik utzi zuen Osanek gurasoen etxea armazainarekin bizitzera joateko? Zergatik ez zen haurraren aitarekin bizitzen jarri?

  • Armazaina bizikide ona zela esaten zuen, ez zuelako inoiz jotzen; zer iruditzen zaizu adierazpen hori? Gaur egun bizikide ona izateko hori nahikoa dela uste duzu?

  • Bilatu hiztegian sasikume eta ezjakin hitzen esanahia. Osaneren semea sasikumea al zen? Gomez aitaren ondoan izango zuen etorkizuna amaren etxean ezjakin baten moduan hazi izan balitz izango zuena baino hobea izango zela uste duzu?

Etxean beti esaten zuten jaunaren nahiak txintik ere esan gabe onartu beharreko aginduak zirela (...). Jaun gazteak [Gomez Gonzalez Butroekoak] galtzak jaitsi, neskatxari gonak altxatu eta gainean etzan zen (...).

Handik gutxira, amak berehala ikusi zuen, neskatxak berak baino lehenago, haurdun zegoela (...). Hitz bakar bat ere esan gabe, besotik heldu eta Andra Simonaren txabolara eraman zuen, maldan gora. Emakume jakintsu haren etxean sartu bezain laster, lur gainera jaurti zuen.

— Haurdun dago —esan zuen [emakume jakintsuak], besterik gabe.

Osane negar-zotinka hasi zen. Ama sutondotik adar bat hartzeko zorian zegoen, jotzen hasteko grinaz (...). Baina haurraren aita nor zen jakin zuenean, baretu egin zen, bat-batean.

Handik egun batzuetara, aita etxe handira joan zela eta jaunarekin hitz egin zuela jakin zuen Osanek (...).

Konturatu orduko, jaunaren falkonari, armazain eta zaindari pertsonalarekin bizitzen jarri zuten (...). Ez zekien ziur aitaren eta nagusiaren arteko elkarrizketak eraginik izan zuen horretan, baina baietz uste zuen.

Neskatxaren bizimodua lehengo antzekoa zen, ordea. Egun osoa ematen zuen lanean, buru-belarri, egunsentitik ilunabarrera arte. Bikotekideak ez zuen batere hitz egiten; batzuek mutua zela uste zuten (...). Baina ez zen gizon gaiztoa (...). Inoiz ere ez zuen jotzen, eta oso gutxitan etzaten zen berarekin. Etzaten zenean, gainera, bukatu eta berehala lokartzen zen (...).

Erditu zuenean, bularra ematen utzi zioten, baina, gero, haurra etxe handira eraman zuten. Egunean hainbat aldiz joaten zen Osane, haurrari bularra ematera, etxeko andreak (...) hala erabaki baitzuen (...), egokiena zelakoan. Ez zioten uzten semearekin denbora gehiago egiten. Inoiz ere ezin izan zuen sehaskan kulunkatu, eta ferekatu (...).

Hobe da horrela —esan zion nagusi gazteak neskatxarengana berriz joaten hasi zenean—. Nire semeak behar duen guztia izango du... Bikain heziko dugu, eta ez da izango ezjakina.

Martínez de Lezea, Toti. Señor de la Guerra. Ttarttalo argitaletxea.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.