Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa

Feudalismoa

Erdi Aro hitzak bezala, feudalismo kontzeptuak ez du izan oso ospe onik. Frantzian hasi ziren erabiltzen, XVIII. mendean, Erdi Aroko gizarte-desorekak adierazteko. Hizkera arruntean ere, besteekin gehiegikeriak egiten dituen norbaitez ari garenean, jauntxo feudala dirudiela esaten dugu.

Gaur egun, feudalismo hitza XI. mendetik XV.era bitarteko gizarte-erregimena izendatzeko erabiltzen da. Dena den, sistema horren alderdi askok XVIII. mendera arte iraun zuten, hau da, Frantziako Iraultzaren aldarrikapenak Europa osoan hedatu ziren arte.

Basailutza harremana

Pierre Bonnassie mediebalista famatuak zioenez, feudalismo izeneko gizarte-erregimenean, baserritarrei etekinen (soberakinen) zati bat kendu eta talde agintarien artean banatzen zuten, mendekotasunean (basailutzan) eta sarietan (feudoetan) oinarritutako sare-sistema jakin baten bidez. Azter dezagun zehatz-mehatz Bonnassieren definizioa:

Feudalismoa eta jaunen erregimena ez dira gauza bera. Lehenengoak nobleziako kideen arteko mendekotasun-harremanak hartzen ditu barne; bigarrenak, berriz, jaunen (nobleen) eta nekazarien artekoak.

Basailutza-kontratua ekintza edo erritu jakin baten bidez gauzatzen zen, jaunaren gortean. Basailutza-errituak hiru une nagusi zituen: omenaldia, leialtasun-agindua eta izendapena:

Erdi Aroko kodize baten miniatura
  • Jaunari gorazarre egitea: izangaiak, belauniko eta eskuak jaunaren eskuen artean ezarrita, haren basailu izendatzen zuen bere burua.
  • Leialtasun-agindua: jaunari leialtasun-zina egiten zion ebanjelioen aurrean, eta, beharrezkoa zenean, laguntza militarra emango ziola agintzen zion.
  • Izendapena: lore bat, eraztun bat edo eskukada bat lur emanez, feudoa basailu noblearen esku uzten zuela adierazten zuen jaunak. Berez, betebeharrak betetzen ez baziren, edo basailua hiltzen bazen, jaunak feudoa berreskura zezakeen, baina ohitura hori ez zen batere hedatu, eta feudoak oinordetzan uzten ziren belaunaldiz belaunaldi. Oro har, aitak seme bati uzten zion arren, behin edo behin emakumeen esku ere geratu ohi ziren, nahiz eta betebehar militarrak betetzerik ez izan.
3

Erantzun zure koadernoan

Irakurri arretaz Boutrucheren ondorengo testua eta adierazi basailutza-kontratuaren hiru zatiak:

Apirileko idusa baino zazpi egun lehenago, omenaldia egin zioten berriro kondeari (...). Lehenik eta behin (...), kondeak bere basailu izan nahi zuen galdetu eta honela erantzun zion: bai, nahi dut. Eskuak elkartu, kondearen eskuen artean ezarri, eta, musu baten bidez, elkarri lotuta geratu ziren. Ondoren, basailuak hitz hauek esan zituen: aurrerantzean, Gilen kondeari nire leialtasuna eta babesa eskainiko dizkiodala hitzematen dut, eta fede onez jokatu eta egia esango dudala beti. Azkenik, santuen erlikien gainean, zin egin zuen.

Ondoren, kondeak, eskuan makila hartuta, babesa agindu, basailutza-hitza eman eta zin egin zuten guztiak basailu izendatu zituen.

Boutruche, R.: Jaurgoa eta feudalismoa

4

Erantzun zure koadernoan

Feudalismo hitzean oinarria duten beste erabilera batzuk badira. Azaldu ondorengo esaldien esanahia:

  • Berandu da eta bihar goiz jaiki behar dugu. Nire feudoetara noa atseden hartzera.

  • Realak bere feudoan galdu zuen berez ahulagoa zen taldearen kontra.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.