Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa
Atala: Berant Erdi Aroa: hedapena eta krisia

Berant Erdi Aroko krisia

XIII. mendearen bukaeran, nekazaritzako produkzioaren eta biztanleriaren arteko oreka hausten hasi zen. Tarteko Erdi Aroan, demografia izugarri handitu zen, landutako azaleren hedadurari eta hainbat berrikuntzari esker, biztanle kopuru gero eta handiagoa elikatzeko adina soberakin sortu baitziren.

XIII. mendearen bukaeran, lehen desoreka-ezaugarriak azaleratu ziren. Nekazariek ez zuten ekoizpena handitzerik eta lur gehiago lantzerik. Gainera, XIV. mendearen lehen erditik aurrera, nekazaritza-krisiak etengabeak izan ziren (udetako ekaitz ugariek uztetan sorrarazitako kalte larrien ondorioz), izurriek sarraski handiak eragin zituzten (biztanlek goseak eta ahulduta baitzeuden), eta gerretan milaka lagun hil ziren.

Gerra, izurri eta goseteek eragindako demografia-beherakada handiaren ondorioak berehala nabaritu zire:

  • Lur asko hutsik geratu ziren. Biztanleriak behera egin zuen, bat-batean, eta labore-sail ugari (gehienetan, kaskarrenak) bertan behera utzi zituzten.
  • Jaunen diru-sarrerak murriztu egin ziren, beren lurrak lantzen zituzten nekazarien kopurua gero eta txikiagoa zelako. Lehengo diru-sarrerak nola edo hala berreskuratzeko, jopuei errentak igotzen saiatu ziren, baina nekazariek aurre egin zieten, errebolta ugariren bidez. Erantzun gogor horiei esker, baserritarren bizi-baldintzak asko hobetu ziren.
  • Jaunen indarkeria areagotu egin zen. Jaunek bi bide erabili zituzten ekonomiaren gainbeheraren ondorioak arintzeko. Batetik, beste jarduera batzuk garatu zituzten: adibidez, ardi-hazkuntza, artilea saltzeko. Bestetik, indarkeria erabili zuten: udaletxeetan eta elizetan lapurtu, herrixkak eta hiribilduak arpilatu eta beste noble batzuen kontra borrokatu zuten.
  • Hirietako gatazkak ugaritu egin ziren. Altxamendu ugari egin zituzten, soldata-igoerak eta lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko.
37

Erantzun zure koadernoan

Aztertu Erdi Aroan Europan zegoen biztanleriari buruzko ondorengo serie hau. Adierazi datu horiek grafiko batean eta azaldu biztanleriak izandako bilakaera, horren arrazoiak ematen saiatuz.

Urtea 1000 1050 1100 1150 1200 1250 1300 1350 1400 1450
Biztanleria (milioiak) 42 46 48 51 60 70 73 50 45 60
Berant Erdi Aroko merkataritza ibilbideak

Jaunak eta kontzejuak, herritarrak erakartzeko asmoz, baldintza hobeak eskaintzen hasi ziren beren lurretan edo hirietan finkatzen zirenentzat. Egoera onbideratu ahala, soldatak handitu eta elikagaiak merkatu egin ziren, XV. mendearen erdialdean. Gauzak horrela zeudela, Aro Modernoa iritsi zen.

Berant Erdi Aroko krisiak ez zuen izan eragin berbera ekonomia-jarduera guztietan. XIV. mendean, artisautzan eta merkataritza-tekniketan aurrerapauso handiak eman ziren. Europako erresuma batzuek Afrikako kostaldeko lurraldeak konkistatu zituzten, merkataritza-ibilbide tradizionalak indartzeko.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.