Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Tarteko Erdi Aroa
Atala: Tarteko Erdi Aroa Penintsulan

Taifa Erresumak

Erresuma kristauak eta taifa erresumak

XI. mendetik aurrera, erresuma kristauek benetako birkonkistari ekin zioten, ordura arte, musulmanak VIII. mendetik aurrera bertan behera utzitako eremuak (Dueroko iparraldea, Errioxa, Aragoiko eta Kataluniako zenbait esparru etab.) hartzera mugatu baitziren. XI. mendearen lehen erdian, Kordobako kaliferria (1031) zatitu egin zen, barne-liskarren ondorioz. Musulmanek okupatutako lurraldeetan, gune txiki independente ugari sortu ziren: taifa-erresumak.

Taifa-erresumek hainbat talde etnikotako erregeak zituzten. Penintsulako hegoaldean, berbereek agintzen zuten, eta, ekialdean (Almeriatik Tortosaraino), eslaviarrak ziren nagusi. Barnealdean, bi familiak agintzen zuten: jatorri arabiarrekoek, batetik, eta muladiek, bestetik.

Aljaferia Jauregia, Zaragozan

Islamaren batasuna hautsi ondoren, taifen arteko liskarrak etengabeak izan ziren. Taifa-erresumetako errege askok hitzarmenak egin zituzten kristauekin, beste erregeen kontra borrokatzen lagun ziezaieten. Emandako laguntza militarraren truke, errege kristauei dirutza handiak (pariak) ordaintzen zizkieten. Dirutza horiek, zenbaitetan, bakea erosteko ere ordaindu zituzten musulmanek. Parien ekonomia zeritzona diru-iturri paregabeak izan zen kristauentzat. Aitzitik, biztanle musulmanak gero eta larriago zeuden, oso zerga handiak ordaintzen zituztelako.

XI. mendearen bigarren erdian, kristauen hedapena etengabea zela ikusita —besteak beste, Alfontso VI.ak Toledo konkistatu zuen, 1085ean—, errege musulmanek Afrikako iparraldeko almorabideengana jo zuten, laguntza eske. Almorabideak Penintsulan sartu, Al Andalus berreskuratu eta taifa-erresumei amaiera eman zieten. Prozesu horretan, gaztelauak garaitu zituzten, Sagrajasko Gudu ospetsuan.

1118an, Zaragoza galdu zutenean, almorabideen boterea ahultzen hasi zen. Orduantxe sortu ziren bigarren taifa-erresumak. 1157an, almohadeak iritsi ziren Penintsulara. Almohadeak ere berbereak ziren, eta, altxamendu baten ondorioz, Afrikako iparraldeko inperio osoa mendean hartuta zeukaten. Alarcoseko Guduan garaipen erabakigarria lortu arren, Navas de Tolosakoan (1212) porrot egin eta kristauen tropen mende geratu ziren. Horrela, almohadeen inperioa desagertu eta hirugarren taifa-erresumak eratu ziren. Horiek ere laster desagertu ziren, bakar batek iraun baitzuen XV. mende bukaera arte: Granadakoak.




29

Erantzun zure koadernoan

Azaldu zure hitzekin parien ekonomia kontzeptua.




30

Erantzun zure koadernoan

Zein da Alhambra izenaren jatorria?

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.