Hasiera Contacto Menua Edukia
2º D.B.H.
Gizarte Zientziak
Gaiak Prozedurak Diccionario
 
Gaia: Erdi aroaren hasiera: Mediterraneoko batasunaren bukaera
Atala: Islama

Gizarte islamiarra

Gizarte musulmaneko mailarik gorenean (jassa izeneko elitean) kalifa zegoen, politika- eta erlijio-agintari nagusia. Bigarren agintari nagusia sultana zen. Goi-funtzionario ugari zeuden: bisirra, emirra, balia, kadia etab. Aipatutako funtzionarioak, lur-jabe handiak, erlijio-agintari gorenak (ulema, imana...) eta zientzialariak goi mailako biztanleak ziren.


Beste muturrean, herri xehea edo amma zegoen, behe mailako taldea. Gehienak nekazariak ziren, lur-azalera txikien jabeak. Beste asko eskaleak ziren, edo beren tribuei esker egiten zuten aurrera. Islamak lege- eta gizarte-bereizketarik ez egiteko eskatzen duen arren, elitearen eta herri xehearen arteko aldeak izugarriak ziren.

Esklabotza

Nahiz eta islamak gizakiaren berezko askatasuna aldarrikatu, mundu islamiarrean esklabotza ezarri zen. Gizonezkoak etxeko lanak egiteko edo armadan borrokatzeko erabiltzen zituzten. Batzuei beste eginkizun bat ezartzen zieten: harenetako eunuko izatea. Emakumezkoak etxeko lanetarako erabiltzen edo aberatsen haranetara bidaltzen zituzten. Dena dela, Mendebaldean ez bezala, esklaboek oso egoera berezia zuten mundu musulmanean:

  • Ez zituzten objektutzat hartzen, eta jabeek ezin zituzten hil.
  • Askatasun erlijiosoa eta ezkontzeko eskubidea zuten. Biztanle askeekin ere ezkon zitezkeen.
  • Ondasunak izan zitzaketen, baita esklaboak ere.

Emakumea mundu islamiarrean

Haren bateko gelak

Koranak neska jaioberririk ez hiltzeko agintzen du, orduko zenbait tributan ohitura hori oso hedatuta baitzegoen. Dena den, emakumeak gizonaren mende egon behar duela dio, hasiera-hasieratik. Horrela, beti harenean egotea (ezinbestekoa denean baino ez ateratzea, eta betiere emakume helduago batek lagunduta), aurpegia estaltzea (beloarekin) eta, meskitara joan beharrean, etxean otoitz egitea gomendatzen die. Bi sexuen arteko alde juridikoak nabarmenak dira: gizon bakoitzak lau emazte izan ditzake (poligamia); emakumeak, aldiz, bat besterik ez. Bestela, adulterioa egingo du, eta zigor handia ezarri ahal izango zaio. Gizonak musulmanak ez diren emakumeekin ezkon daitezke, baina emakumeak ez. Gizonek dibortziatzeko eskubidea dute, baina emakumeek ezin dute halakorik egin. Salbuespen bakarra finkatzen du: dibortziatu nahi duen emakumeak tratu txarrak jasan dituela egiaztatzea. Epaiketetan, gizonaren testigantzari balio bikoitza emateko agintzen du. Seme-alabak aitarekin geratuko dira beti, eta herentzietan ere emakumeak baino bi aldiz gehiago jasoko du gizonak.

Gaur egungo egoera

Emakume-jantzi islamiarrak

Mundu musulmanean gatazka sortu da, tradizioekiko leialtasuna eta Koranaren hitzez hitzezko interpretazioa, batetik, eta modernizatzeko gogoa, bestetik, aurrez aurre baitaude. Hainbat egileren arabera, islama berez ez dago modernizazioaren, emakumearen emantzipazioaren eta oinarrizko giza eskubideen errespetuaren kontra; ez da zuzen interpretatu, besterik gabe. Beraz, islamak eboluzionatu egin beharko luke, judaismoak edo kristautasunak egin duten moduan.

Herrialde musulman gehienetan gorputz-zigorrak desagertu egin dira. Tunisian, adibidez, lapurrari eskua mozten zioten, eta adulterioa egiten zuena harrika hiltzen zuten. Shariaren bi arau horiek baliogabetu egin dituzte jadanik. Emakume musulmanek ez dute etxean egon behar, eta ez dute zertan belorik jantzi, aurpegia estaltzeko.

Dena den, zenbait herrialde islamiarretan arau batzuek indarrean diraute: poligamiak, emaztea zapuzteko eskubideak, adin txikiko nesken ezkontzak eta harrikatze publikoek, besteak beste.

© 2005 | “Anakel.com Editorial Digital”-ek eskubide guztiak erreserbatuta ditu.