Hiri plangintza

Hiri-espazioa planifikatzeko erak 1956ko Lurraren Legeak arautzen dituen Plan Orokorrak eta Plan Partzialak dira.

Plan orokorren helburua udalerri oso bat arautzea da. Hau da, ez da hiria edo bere zabalgunea bakarrik planifikatzen – zabaltzeko plangintzetan gertatzen zen bezala -, hiria ez dena ere, planifikatzen da. Lurraren Legeak hiri guztiek Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eduki behar zutela ezarri zuen. Plana Udalak osatu behar zuen eta 15 urteko balioa eduki behar zuen; 15 urte horiek pasa ondoren, berraztertu behar zen.

Plan Partzialek osatzen dituzte Plan Orokorrak. Plan Partzialak garatu behar du Plan Orokorrean azaletik ezarritakoa. Gaur egun, ia hiri-gune guztietan ditugu horrelako antolamendu-planak.