2º D.B.H.
Gizarte Zientziak

Zure koadernoan erantzuteko

Gizakientzako hiriak

Gizakientzako hirien ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, edo hala izan beharko luke, behintzat. Hirietan autoak jaun eta jabe direnean, harreman-eremu komunak desagertu eta kaleak errepide bihurtzen dira.

Kale eta plazak errepide zaratatsu, kutsakor eta arriskutsu bihurtzen direnean, biztanleek eguneroko harreman-eremu gisa erabiltzeari uzten diete, eta telebistaren aurrean babesten dira, etxeko eremu pribatuan.

Ondorio ekologiko eta sozialek, ordea, ez dute izaten eragin berbera biztanle guztientzat. Kalterik handiena haurrei (ez baitute kalean bakarrik jolasterik izaten), adinekoei, emakume askori, pobreenei eta mugikortasuna murriztuta dutenei egiten zaie. Horiek guztiek, izan ere, autorik gabeko gehiengo isilarazia osatzen dute.

Populazio osoaren % 40k baino gutxiagok du gidabaimena, eta autoa are jende gutxiagok erabiltzen du eguneroko joan-etorrietarako. Ikusten denez, beraz, auto pribatuetan oinarritutako mugikortasun-sistema duten hiriek biztanleriaren gehiengoari muzin egiten diote, heldu baten mende uzten baitituzte, edonora joateko.

Bidaia ertain eta luzeetarako talde-garraio publikoak erabiltzeko eta tarte laburrak bizikletaz edo oinez egiteko aukera eskaintzen duten hiriek, aldiz, biztanleen giza garapena sustatzen dute.

Ihitza aldizkariko pasartea. Eskola-elkartearen ingurumen-hezkuntzako aldizkaria da Ihitza.

  • Zein da “Gizakientzako hiriak” testuko ideia nagusia?